San Telmo museoak Vicente Ameztoiren 'Izenbururik gabe' koadroa jarri du ikusgai, haren heriotzaren 25. urteurrenean
Vicente Ameztoiren 'Sin título' artelana.STM San Telmo museoak Vicente Ameztoi Olasagastiren (Donostia 1946 – Villabona 2001) Sin título (Izenbururik gabe) koadroa aurkeztu du Nabarmendutako obra programaren barruan. Programa honen helburua da denbora jakin batez obra baten berezitasunari, gaurkotasunari edo bakantasunari arreta berezia eskaintzea.
Olioak 130 x 161,7 zentimetroko neurria du, eta artistaren heriotzaren 25. urteurrenarekin bat eginez jarri dute jendaurrean. Artelana Arte Historikoaren aretoan egongo da ikusgai gaurtik aurrera, 2027ko otsailaren 28ra arte.
Artelanaren xehetasunak
Lana 1970eko hamarkadaren bigarren erdialdekoa da; 1976koa, hain zuzen ere. Sasoi hartan hasi zen artista bere txorimalo artikulatu ezagunak sortzen, bere ibilbidean etapa berri bat markatuz. Bere margolanak figurazio konplexuagoa eta narratiboagoa hartu zuen, eta nekazaritza munduko materialez —lastoa, belarra, adarrak edo egurra— osatutako pertsonaia humanoideek paisaiak fantasiazko agertoki bihurtu zituzten.
Izenbururik gabea trantsizio horren erakusgarri ezin hobea da. Koadroan, gizaki eta landare izaerako lau izaki hibrido agertzen dira paisaia elurtu zabal batean kokatutako artile postu baten itxura duenaren atzean. Ameztoik kolore sorta monokromatikoa erabili zuen neguko giroa sortzeko.
Horrez gain, artelanak joko metapiktoriko bat ezkutatzen du: mahai zapiaren azpitik irteten den xafla baten bidez, beste koadro bat sartzen du eszenaren barruan. Xafla horretan Woolmark-en ikurraren irudikapen naturalista bat ikus daiteke, artilezko harrespila bat gogorarazten duena.

