Urretxindorra programa 44 mentoretza bikoteekin eta ilusioarekin abiatu dute
Urretxindorra programaren ekitaldia, udaletxean.SOS Arrazakeria Gipuzkoa Donostiako Udaletxeko osoko bilkuren aretoa familiez, haurrez, nerabeez eta gazteez bete zen pasa den ostegunean, 13. Urretxindorra programaren hasiera ekitaldian. SOS Arrazakeria Gipuzkoaren gizarte mentoretzako programa da Urretxindorra, eta ikasturte honetan 44 mentoretza bikote osatu dituzte. Kopuru horrek agerian uzten du topaketaren bidez harremanak eta aukerak sortzen dituen proiektu honek hazten eta aurrera egiten jarraitzen duela.
130 pertsona baino gehiago izan ziren udaletxeko ekitaldian. Une hunkigarrienetako bat mentoreen eta mentoretza jasoko duten haurren eta nerabeen arteko lehen topaketa izan zen. Azkenean elkar ezagutu eta ikasturtean zehar astean arratsalde bat elkarrekin igaroko duten pertsonari aurpegia jarri ahal izan zioten. Bikoteen eta haien familien ilusioak aretoa bete zuen, eta lehen topaketa eguneko unerik berezienetako bat bihurtu zen.
Jaialdian musika, erakundeen ordezkarien hitzaldiak eta udalbatza baten funtzionamenduan inspiratutako parte hartze dinamika izan ziren. Kontsulta sinboliko baten bidez, bertaratutako pertsona guztiek ikasturterako hainbat proposamen bozkatu ahal izan zituzten, haur eta nerabeek barne. Jardunaldiari amaiera emateko, puzzle piezen dinamika egin zen: parte hartzaile bakoitzak bere piezarekin bat zetorren pieza zuen pertsona bilatu behar izan zuen, bikote berrien arteko lehen topaketa gauzatuz.
Urretxindorrak ezaugarrietako bat da laguntza ez dela amaitzen pertsona batek mentoretza jasotzen duen esperientzia amaitzean. Urtero, programan aurretik parte hartu duten pertsona batzuek mentore izatea erabakitzen dute, beste haur eta nerabe batzuei beraiek izandako aukera bera eskaini nahi dietelako. Gipuzkoara iritsi zirenean beren esperientzia gogoratu eta orduan denbora partekatzeko, leku berriak ezagutzeko eta lagunduta sentitzeko erreferentziazko pertsona bat izatea zein garrantzitsua izango zen pentsatuta, programan parte hartzera animatzen diren gazteak ere badaude.
SOS Arrazakeria Gipuzkoak azpimarratu duenez, pozgarria da urtez urte bikote berriak sortzen ikustea, baita elkarri denbora, esperientziak eta ikaskuntzak eskaintzeko prest dagoen komunitatea hazten ari dela ikustea ere. Komunitate horren oinarriak entzutea eta elkarrekiko errespetua dira.

