Larratxoko etxegabetzeak aurrera jarraitzen du, eta gelditzera deitu dute
Donostiako epaitegietan elkarretaratu dira Etxebizitza Sindikatu Sozialistako hainbat kide, Larratxoko etxegabetzearen egoeraren berri izateko.Beñat Parra Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urriaren bukaeran ohartarazi zuen Altzako Larratxo auzuneko familia bat etxegabetze arriskuan zegoela, eta kaleratzea asteazken honetarako (hilak 11) zegoela iragarrita, hain zuzen ere, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren egunerako. Etxegabetzearen data gertu dagoela eta, sindikatuko kideak eta kaltetutako familiako kide bat Donostiako epaitegietara joan dira astelehen goizean, kaleratzearen egoeraren berri izatera; kanpoan, zenbait kide babesa ematen aritu dira.
Kaltetutako pertsona eta sindikatuko kideak epaitegietatik ateratzean azaldu dutenez, ordea, etxegabetzeak aurrera jarraitzen du. Hori dela eta, kaleratzea gelditzera deitu dute: hilaren 11n, 08:00etan elkartuko dira, Larratxo pasealekuko 14. zenbakian.
Familia “zaurgarritasun egoeran” dagoela salatu dute, baita azaldu ere adin txikiko bi haur daude, 3 eta 7 urtekoak. Halaber, Donostiako Udalak egoeraren berri duela adierazi dute, baina, momentuz, ez diela alternatibarik eskaini.


