Etxebizitza eskubidearen alde elkarretaratu dira transfeministak eta antiarrazistak
Donostiako kale egoeraren "arrazializazioa" deitoratu dute, besteak beste: "Kalean bizi diren pertsonen ia %90 migratuak eta arrazializatuak dira".
Arratsaldeko manifestazioa hasi aurretik, Bulebarreko kioskoan hainbat eragile elkarretaratu dira.Irati Salsamendi Azaroaren 11ko greba orokorreko Donostiako mobilizazioek jarraipena izan dute arratsaldean. Etxebizitza sindikatuek eta lan arloko gehiengo sindikalak antolaturiko manifestazioaren aurretik, eragile transfeministek eta antiarrazistek elkarretaratzea egin dute Bulebarreko kioskoaren aurrealdean.
Erraustu gazte feminista taldeak, Donostiako Bilgune Feministak, Donostiako Asanblada Transbollomarikak, Intxaurrondoko talde feministak, Bizilagunekin plataformak, Añorgako talde feministak, Donostiako Asanblada Feministak eta Gipuzkoako Trans Asanbladak antolatu dute elkarretaratzea, eta bandera morez bete dute Bulebarra, 17:00etatik 18:00etara.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko, transfeministok eta antiarrazistok borrokan lelopean egin duten mobilizazioaren batera, ohar luze eta zabal bat plazaratu dute. Salatu dutenez, “ez da soilik burgesen eta langileen arteko gatazka isolatua: sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista nola gurutzatzen diren eta zein zapalkuntza konkretu eragiten dituzten izendatzea eta aitortzea ezinbestekoa da egiturazko arazoa denari egiturazko soluzioa emateko”.
Gaineratu dutenez, langile izate soilak ez du pobretzen jendartea: “Emakume, sexu genero disidente edo migratu zein arrazializatu izateak ere pobretzen gaitu. Lan banaketa sexual eta kolonialak eta pobreziaren feminizazio zein arrazializazioak etxebizitza eskuratzeko eta burujabetza materialerako are oztopo gehiago jartzen dizkigute”.
Donostiako adibide eta datu zehatz batzuk ere plazaratu dituzte: “DSBEaren (RGIaren) hartzaileen % 59,3 emakumeak dira Donostian; pentsioen arrakalari erreparatuz, EAEn, emakumeen batez besteko erretiro pentsioa gizonezkoena baino 704 euro txikiagoa da hilean. Adineko emakumeez hitz egiten badugu, 2022an, 65 urtetik gorakoen artean, pobrezia egoeran zeuden emakumeak gizonezkoak baino bi aldiz gehiago ziren Donostian”.
Bestelako hiri eredu bat beharra aldarrikatu dute, “herritarren mesedetara diseinatua, ez kapitalaren mesedetara”. “Sistema kolonialak Euskal Herrian ere etengabe funtzionatzen duela erakusten duen beste adibide bat etxejabeek maizterrak hautatzerakoan erabiltzen dituzten irizpide arrazistak dira. Zentzu honetan, Atzerritartasun Legeari eta arrazakeria instituzionalari lotuta, Donostiako Udalaren etxebizitza eta gizarte politikek ordena koloniala erreproduzitzen dutela salatzen dugu. Bereziki seinalatu nahiko genuke kale egoeran dauden kide migratu eta arrazializatuek pairatzen duten deshumanizazioa”.
Donostiako kale egoeraren “arrazializazioa” ere deitoratu dute: “Kalean bizi diren pertsonen ia %90 migratuak eta arrazializatuak dira; Donostiako Udalak oso baliabide urriak eskaintzen ditu kale egoeran dauden pertsonentzat, eta Herrerako zein Infernuko kaleratzeetan argi ikusi dugun bezala, ez da etxebizitza alternatiba errealik eskaintzen”.
Bestalde, transfeministen eta antiarrazisten aspaldiko salaketa bat seinalatu dute: “Etxebizitza ez da soilik bizitzeko espazio bat; familiaren instituzioaren baitan antolatzen denez eta merkatuak ere zeharkatzen duenez, emakumeen eta, bereziki, emakume migratu eta arrazializatuen ustiapen zein desjabetze eremua ere bada. Eremu pribatu honetako zaintza lanak emakumeok eta, bereziki, emakume migratuek egiten ditugu: kobratu gabe edo baldintza oso prekarioetan. Horregatik, etxebizitza duinaren aldeko borroka ezin liteke etxeko eta zaintza langileen borroketatik bereizita ulertu”. Hori dela eta, Bidez Bide eta SOS Arrazakeria gisako elkarteekin eta zaintza langileekin bat egitera deitu dute. Donostiako etxez etxeko zerbitzuko zaintza langileekin, adibidez.
Jabetzen “herentzia kapitalista” familia “zisheterosexualaren bidez” mantentzen dela nabarmendu dute. “Etxebizitza eta jabetzak familia nuklear zisheterosexuala mantentzeko ezinbesteko mekanismoak dira, eta eraldaketa integral bat borrokatzen duen kolektibo ezkertiar orori dagokio horien aurka borrokatzea, baita egungo etxebizitza sistema dispositibo zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista gisa kokatzea ere”.
Aipaturiko guztiagatik, etxebizitza eskubidearen alde antolatzen jarraituko dutela adierazi dute, “kaleak borroka transfeminista eta antiarrazistaz betez”.

