Hainbat eragileren 'Free tourr'-a Parte Zaharretik, greba egunean
Grebalariak 'free tour'-a egiten Parte Zaharrean. Xalba Ramirez Hainbat herri mugimenduk Parte Zaharrean zehar “free tour”-a egin dute manifestazio nagusiaren ostean. Trinitate plazan bazkari “autogestionatua” egin ostean, auzoko hainbat hoteletan geldialdiak egin eta solasaldiak egin dituzte hainbat eragilek. Saretxe etxebizitza sindikatua, Ehgam, Hotel + ez, Kinka autonomoen sarea eta Atximurka eragileak izan dira, besteak beste.
Ehgamek, bere aldetik, adierazi du etxebizitzaren gaia langile klase osoari eragiten dion auzia dela, eta pobretzean eta bizi baldintzetan harreman zuzena duela. Ordea, gaineratu du, ikuspuntu transfeminista eta queer batetik, ezinbestekoa dela bai emakumeen eta baita ere disidentzia sexualen errealitatea aztertzea. Egiturazko desberdintasunek are gehiago pobretzen eta okertzen dituzte kolektibo hauen bizi baldintzak, Ehgamen ustez. Bestetik, kale egoeran daudenengan jarri du arreta Ehgamek, etxebizitza larrialdiaren eragina inork baino gehiago pairatzen dutelako kale egoeran dauden pertsonek, are gehiago migratzaileek.
Saretxek, bere aldetik, grebaren testuinguruan egindako hainbat gogoeta partekatu nahi izan ditu bertaratutakoekin. Batez ere “batasunaren” ideian jarri dute arreta, eta, gainontzeko sindikatuekin aliantza egitearen indargune eta ahulguneak nabarmendu dituzte. Azaldu dutenez, besteak beste, Espainiar agendaren baitan ez erortzeko helburuz sustatu dute batasuna, eta Euskal Herriko “marko autonomoa” indartzeko. Honela, balorazio sakonago bat egitekotan geratu dira, gaurko deitzaileen artean dauden desadostasun eta talkak sakonago aztertzeko.
Azkenik, Hotel + ez kolektiboko kideek ere hartu dute hitza, Donostiako okupazio mugimenduaren inguruan hausnarketa eta memoria ariketa eginez. Bereziki Parte Zaharrean izandako okupazioak izan dituzte ardatz, kontuan izanik, gaur egun, turistifikazioaren erdigunea dela auzoa, eta etxebizitza larrialdia are nabarmenagoa dela hemen.

