Bide ezbeharretan hildakoak omenduko dituzte igandean
Gi-20 errepideko Ondarretako sarbidea. Artxiboko irudia. Bide ezbeharretan hildako biktimak omenduko ditu Stop Bide Indarkeria elkarteak igandean, hilak 15, 12:00etan Bulebarrean egingo duen ekitaldian. Biktimak gogoratu eta haien familiei babesa eta elkartasuna adierazteko, elkarteak bide indarkeriaren “ondorioak agerian utzi eta bide ezbehar gehiago saihesteko prebentzioaren eta erantzukizun kolektiboaren garrantzia aldarrikatu” nahi ditu.
“Jada gure artean ez daudenak gogoratzea justizia ekintza bat” dela argudiatu du elkarteak eta, gaineratu du, gizarte osoaren erantzukizuna dela biktima gehiago egon ez daitezen lan egitea. Familien minarekin bat egin du elkarteak baita ere: “Haien oroitzapena ez dadila inoiz itzali, eta haien hutsuneak lanean jarraitzeko indarra eman diezagula, beste familia batek ere min hori bizi behar izan ez dezan”.

