Jesus Santamaria sukaldaria omenduko du bihar San Martin auzo elkarteak
San Martin auzo elkartearen ospakizuneko kartela.San Martin Auzo Elkartea San Martin auzo elkarteak San Martin Eguna, azaroak 11, ospatuko du dataren bi ondoko egunetan, gaur eta bihar, alegia. Greba orokorra dela eta, elkarteak jarduerak atzeratu egin ditu, “inolako jarrera politikorik hartu gabe eta programazioa normaltasunez garatu ahal izateko”.
Ospakizuna elkartearen data “berezienetako bat” da, eta musikaz, gastronomiaz eta kulturaz beteko du auzoa. Helburua, auzoa kalera ateratzea eta bertako denda, ostalaritza establezimendu, hotel, zerbitzu eta bizilagunen arteko batasuna balioestea da.
Lehen jarduera, gaur, osteguna, egingo dute, 18:00etan hasita. Deutsche Schuleko ikasleek faroltxoen desfilea egingo dute Manterola kalean barrena. Jardunaldi nagusia, berriz, bihar, ostirala, egingo dute.
- 10:00etatik 11:30era. Txistularien kalejirak hartuko ditu auzoko hainbat kale eta gune.
- 11:00etatik 20:00etara. Londres Hotelean, Gero Arte & Design Lab-en martxan jarriko dute, artea, diseinua eta artisautza garaikideko hamar proposamen bilduko dituen erakusketa kolektiboa. Sarrera doakoa da.
- 12:30ean. El Patio del Conventon, Sukaldean jatetxeko Jesus Santamaria sukaldaria omenduko dute bere ibilbide profesionalagatik, Donostiako gastronomiari egindako ekarpenagatik eta San Martin auzoarekin duen loturagatik. Ekitaldia Mimikuko Naroak eta La Perolako Angelicak aurkeztuko dute, auzoko merkataritza eta ostalaritza sareko bi ordezkarik.
- Omenaldiaren ondoren, ospakizunak auzoko kale eta establezimenduetan jarraituko du. Trikitilariek San Martingo hainbat gune girotuko dituzte eguerditik aurrera.
- 13:30etik aurrera, zazpi establezimenduk San Martin Eguneko ohiko odolki pintxoa eskainiko dute kontsumizioarekin batera: El Patio del Convento, Ondartza, Bar Sebastopol, La Perla, La Perola, Bar Lobo eta Belarra.
- 18:00etatik 20:00etara. Radio Rebelderen kontzertua, Manterola kalean.

