Loiola kale inguruko zirkulazioa berrantolatuko du udalak
Metroa egiteko lanak Loiola kalean, Artzain Onaren katedralaren aurrean.ETS Topoaren geltokiaren irekiera medio, udalak Loiola kaletik igarotzen diren banaketa ibilgailuen zirkulazioa berrantolatzea erabaki du. Hala, Hondarribia kaletik ibilgailuak sartzean, Arrasate kalerantz sartu beharko dira, eta Loiola kalera iristean, eskuinera jo, Loiola kaletik jarraitu beharko dute ibilgailuek, San Martzial kalera arte, bertan eskuinera biratu beharko dute Hondarribia kalera itzultzeko.
Neurri honekin udalak oinezkoen segurtasuna bermatu nahi du, “maniobra arriskutsuak” ekiditeko –bira arriskutsuak eta atzerako martxako maniobrak– eta banaketa lanak “baldintza egokietan mantentzeko”. Zamalanak egiten dituzten ibilgailuentzako egongo da baimenduta sarbidea, inguruan lan egiten duten gremioetako ibilgailuek “2 tarifako TAO erreserbetan”-enpresa eta gremioei zuzendutako baimen berezia– aparka dezaketelako
Neurriak betearazteko, udalak hainbat seinale ezarriko ditu inguruan, bai bertikalak, baita horizontalak ere, “nahitaezko biraketa seinaleak jarriz eta beharrezko puntuetan igarotzea debekatuz”. Hala ere, udalak jakinarazi duenez, neurriak ezarri eta lehenengo egunetan “informazio eta pedagogia kontrola” egingo dute.
Topoaren geltoki berriak irekitzeak “hiriaren erdigunera sartuko diren pertsonen fluxu garrantzitsu bat gehituko” diola aurreikusita, eta azken hilabeteetan bertan egondako mugimenduaren inguruko azterketa tekniko baten ondoren, hartutako behin-behineko erabakia dela nabarmendu du udalak.
Geltokia martxan jarri eta hurrengo asteetan jarraipena egingo duela ziurtatu du udalak, “oinezkoen fluxuek eta zamalanen funtzionamenduak nola eboluzionatzen duten egiaztatzeko”. Horren arabera erabakiko du egokitzapen gehiago edo neurri osagarriak beharrezkoak diren.


