Buruko osasun arazoez hausnartzeko zineforuma antolatu dute AGIFESEk eta Nora Filmsek
Bost ataleko dokumentala hizpide izango dute.AGIFES Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak (AGIFES) eta Nora Films ekoiztetxeak bi doako zineforum egingo dituzte datorren astean, Abiertamente telesail dokumentala oinarri hartuta. Saioetako lehena asteartean, hilak 17, egingo dute Principe zinema aretoetan, 17:00etan; bigarrena, berriz, Errenteriako Niessen zinema aretoetan, 18:00etan. Bakoitzean, telesaileko bina atal proiektatuko dituzte eta, ondoren, solasaldia egingo dute.
Donostiakori dagokionez, nortasunaren mugako nahasmenduari eta patologia dualari buruzko atalak proiektatuko dituzte. Patologia duala buru nahasmendu bat eta substantzien kontsumoarekin lotutako nahasmendu bat aldi berean gertatzen direnean ematen da. Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen errealitatea ulerkorrago egin eta aurreiritziak gainditzen laguntzeko, proiekzioaren ondoren, Ana Cabadas psikologoarekin solasaldia egingo dute. Halaber, Maria Fente kazetari eta dokumentalaren zuzendariak komunikabideek buruko osasun arazoak ikusarazten eta gizarteko aurreiritziak gainditzen laguntzeko duten eginkizunean sakonduko du.
Errenteriakoan, aldiz, nahasmendu bipolarrari eta eskizofreniari buruzko atalak proiektatuko dituzte, eta Javi Martin aktore eta aurkezleak parte hartuko du solasaldian, bera baita nahasmendu bipolarrari eskainitako ataleko protagonista.
Abiertamente bost ataleko dokumental telesaila da eta buru osasuneko diagnostiko desberdinak dituzten pertsonen egunerokoa erakusten du, baita haien bizipenak, zailtasunak, lorpenak eta bizi-proiektuak ere. Haien bizipenez gain, senideen, lagunen eta profesional espezializatuen testigantzak ere jasotzen ditu. Esperientzia horien bidez, diagnostiko bakoitzaren atzean dauden errealitateen aniztasuna erakusten du, eta nahasmendu horiekin lotutako erronka pertsonal, sozial eta sanitarioak lantzen ditu.Ekoizpenak nahasmendu bipolarra, eskizofrenia, nortasunaren mugako nahasmendua, patologia duala eta suizidioaren detekzio goiztiarra eta prebentzioa jorratzen ditu.

