Bretxa izango da Donostiako berrikuntza proiektu berrien probaleku
Bretxako baserritarren deskargarako gunea itxita aurkitu dute baserritarrek.Bretxako baserritarrak Donostia Sustapenak Hiriko Erronkei Erantzuteko Ideia Lehiaketaren bigarren edizioa jarri du martxan, berrikuntza teknologikoa udal zerbitzuetara eta hiriko eguneroko beharretara hurbiltzeko asmoz. Aurtengo berritasun nagusia Bretxa merkatua izango da: tokiko startup-ek beren proposamenak benetako ingurune batean probatu eta balioztatzeko aukera izango dute bertan. Ekimenaren bidez, teknologia, tokiko ekonomia eta zerbitzu publikoak uztartu nahi dituzte, Donostiako erronkei irtenbide berriak emateko.
Lehen edizioak dagoeneko eman ditu emaitzak. Horren adibide dira Bideroad eta ENTZUN proiektuak, biak ere udal sailen laguntzarekin garatzen ari direnak. Bideroadek, Ceit teknologi -zentroak sustatutako startup-ak, ikusmen artifiziala, sentsoreak eta adimen artifiziala erabiltzen ditu hiriko errepideen egoera aztertzeko eta ikuskapen lanak automatizatzeko,Proba 13, 17, 28 eta 31 autobus-lineen ibilbideetan egin dute, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Sailarekin elkarlanean, eta azken fasean dago.
ENTZUN, berriz, Trebe Language Technologies donostiar enpresak garatu du: euskarazko eta gaztelaniazko ahotsa automatikoki transkribatzen du mugikorraren bidez, eta Udaltzaingoko 25 agentek probatzen ari dira, txostenak, gorabehera parteak eta isunak errazago prestatzeko.
Bretxa erdigune
Bigarren edizio honetan, Bretxak aukera berriak zabalduko ditu, bereziki merkataritzaren, gastronomiaren eta merkatu-jardueraren inguruan. Logistika, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta kudeaketa eraginkorragoa izango dira landu daitezkeen arloetako batzuk. Merkatuaren eguneroko jardunak eta erabiltzaileen aniztasunak ingurune egokia eskaintzen dute irtenbideak herritarrekin, bisitariekin eta merkatariekin zuzenean probatzeko.
Lehiaketa tokiko enpresa txiki eta ertainei, startup-ei eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakundeei zuzenduta dago. Parte hartzaileek Donostiako hiri erronkei erantzuteko produktu edo zerbitzu berritzaileak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere proposatutako jarduerak udalerriaren barruan garatzen badira. Hautatutako proiektuak udalarekin elkarlanean probatu ahal izango dira, Bretxan besteak beste, eta emaitzak beste merkatu edo hiri ingurune batzuetara ere eraman ahal izango dira.

