Garbiketa
Paperez bildu, kutxa itxi eta giltzarrapoa jarri diot. Izkina batean bilatu diot txoko ilun bat. Bertan zeuden beste batzuk mugitu ditut, lekua egiteko, eta han utzi dut, tokia zein den ahaztu nahian. Bizkarra eman eta joan naiz. Bueltatu, dena libratu eta barrua berriro begiratzeko tentazioa piztu zait. Beste behin. Irekitako zauriaren gainetik hatza pasatzean bezala, erre egingo duela jakinda ere.
Eutsi diot.
Ideia uxatu nahian, argipean dagoen kaxa irekietako bat hautatu dut. Panpina. Alai, musugorri, samur. Barreak jolasean, esku arteko sekretuak belarrira, babesa besarkadan eta begirada bat beldurra agertzean.
Hemen da. Orbana berriro odolez.
«Hala izan al zen?». Ortzadarra itzali eta dena beltz bilakatu al zen edo oroimenaren kristaletik begira bihurtu dut galera? Panpina ere sakonera eramango dut ala hobe da botatzea?
Oroitzapenetan gordetzen dugu bizitza, «oraindik ez», «leku egokiago bat», «hau gorde nahi dut»… batetik bestera eramaten ditugu. Mingarria dena ezkutatu egiten dugu; ez ahazteko, aurrera egiteko baizik.
Errautsa, hautsa edo zaborra bilakatu arte.
«Garbiketa egiteko unea heldu da» esateko gai garen arte.

