Hamalau ilustratzailek Luis Peña Gantxegiren obra berrinterpretatu dute, bere mendeurrenaren harira
Hamalau ilustratzailek Luis Peña Gantxegi obra berrinterpretatu dute Tabakaleran bere mendeurrenaren harira.Euskadiko Arkitektura Institutua Gaurtik aurrera eta 2027ko martxoaren 28ra bitartean, Tabakaleran ikusgai egongo da “Peña Ganchegui, arkitekto ilustratua” erakusketa, arkitektoaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programa bereziaren barruan. Erakusketa doan bisitatu ahal izango da asteartetik igandera, Euskadiko Arkitektura Institutuaren ordutegi ofizialean.
Pablo Garcia Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak nabarmendu du Peña Gantxegiren ekarpenik gabe, “ezinezkoa” dela “egungo euskal arkitektura ulertzea”. Mario Sangalli erakusketaren komisario eta Peña Gantxegi Artxiboko zuzendariak zehaztu duenez, ordea, “ilustrazioak ez dira eraikinak erreproduzitzera mugatzen; haien arkitekturaren interpretazio pertsonalak eskaintzen dituzte”.
Hamalau lan
Erakusketan parte hartu duten sortzaileak honako hauek dira: Mikel Casal, Koldo Lus Arana “Klaus”, Elena Odriozola, Iker Ayestaran, César Llaguno, Iban Illarramendi, Irati Merino “IratINK”, Miren Asiain Lora, Asier Iturralde “Gastón”, Javier de Isusi, Jon Juarez, Yolanda Mosquera, Luisa Chillida eta Fernando Huarte “Roskow”.
Artistek arkitektoaren ibilbidearen hainbat fase eta eraikin jaso dituzte beren lanetan. Tartean dira, adibidez, Trinitate plaza eta Teniseko plaza, Zarautzko Vista Alegre dorrea, Gasteizko Foruen plaza eta Asisko San Frantzisko eliza, eta Bartzelonako Espainia Industriala parkea. Lan hauetan akuarela, komikia, marrazketa arkitektonikoa edota ilustrazio editoriala erabili dituzte.
Erakusketak Euskadiko eta Nafarroako hamalau ilustratzaile profesionalen lanak biltzen ditu: horietako hamahiruk Peña Gantxegik eraikitako obrak irudikatzen dituzte, eta azkenak arkitektoaren karikatura erretratu bat eskaintzen du. Adierazpen artistiko horiek eraikinen zuri beltzeko argazki dokumentalekin, obra bakoitzaren datuekin eta egileen biografia oharrekin batera daude erakusgai.

