Haurralde Fundazioak eta Jesus Otxoa donostiarrak jasoko dituzte 2026ko Agustin Ugarte Sariak
Gaur aurkeztu dituzte Agustin Ugarte sariak.Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzera eman ditu aurtengo Agustin Ugarte Sarien irabazleak: Haurralde Fundazioa, erakundeen atalean, eta Jesus Otxoa Berganza ekonomialari donostiarra, banakakoan. Sari hauen bidez, aldundiak nazioarteko elkartasunarekin eta pertsona zaurgarrienen defentsarekin duten konpromiso irmoa aitortu nahi izan du. Sari banaketa hilaren 26an egingo dute.
Goizane Alvarez Kultura eta Lankidetzako foru diputatuak nabarmendu duenez, bi saridunek ezin hobeto islatzen dute “elkartasuna ulertzeko modu bat, pertsona guztiek aukera berberak merezi dituztelako uste osotik eta konpromisotik abiatuta”.
Tokiko eta nazioarteko eragina
Erakundeen alorrean saritutako Haurralde Fundazioak ibilbide luzea du. 1997an sortu zenetik, giza eskubideen defentsan eta hezkuntzan lan handia egin du, arreta berezia eskainiz emakumeei eta haurrei.
Bere eragina tokikoa zein globala da: 2025ean, Gipuzkoan garatutako programa komunitarioen bidez, 408 pertsona artatu zituzten eta 135 familiatako 154 adingaberi lagundu zieten. Nazioartean, berriz, 4.786 pertsonarengana iritsi ziren iaz Guatemala, Kolonbia, Bolivia, Burkina Faso eta Mozambiken bultzatutako proiektuei esker.
Bizitza bat elkartasunari emana
Banakako saria, berriz, Jesus Otxoa Berganzarentzat izango da. Ekonomialaria lanbidez, bi hamarkada baino gehiago daramatza desberdintasunen aurkako borrokan murgilduta. 2003an, Euskadiko Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta Fiare banku etikoaren sorreran ere aktiboki parte hartu zuen.
Horrez gain, 2004tik aurrera Euskadiko GGKEen Koordinakundean lan nabarmena egin du, eta bertako diruzaina izan zen 2011 eta 2016 bitartean. Bere ibilbide osoan zehar, pobreziaren aurkako sentsibilizazio ekimenen bultzatzaile nekaezina izan da.

