Realak jarraian jokatuko duen hirugarren derbia hartuko du Anoetak
Txuri-urdinek Athleticen aurka jokatuko dute (etzi, 12:00). Realaren belar hockey taldea Zubietan ariko da, eta Askatuak Gipuzkoa Basket Gaska kiroldegian.
Realak eta Athleticek pasa den sasoian Anoetan jokaturiko derbia.Reala Ohikoak baino neurketa gutxiago jokatuko dituzte asteburuan Donostiako maila goreneko kirol taldeek. Anoetan jokatuko den futbol partida izango da esanguratsuena. Izan ere, Realeko neskek hirugarren euskal derbia jarraian izango dute. Alavesekin berdindu (1-1) eta Eibar gainditu ostean (1-2), Athletic hartuko dute etzi, 12:00etan. Txuri-urdinek irabaziz gero, zuri-gorriak harrapatuko dituzte sailkapen nagusian. Europa ligako final-laurdenetara sailkatu berritan, ligan ere goranzko joerari eusteko aukera paregabea dute. Gogoratu behar da pasa den sasoian berdindu egin zutela Anoetan (1-1), eta pasa den abuztuan Realak Athletic menderatuta irabazi zuela Euskal Herria Kopa (3-1).
Saskibaloian, Askatuak Gipuzkoa Basketek etxeko sentsazio onak berreskuratu beharko ditu azken porrota ahazteko. Kantabriaren aurka ariko dira bihar, Gaska kiroldegian (19:00). Hil ala bizikoa ez, baina ia ezinbestekoa izango da Sergio Garciaren mutilentzat irabaztea, galera asko pilatu dituztelako aurreko jardunaldietan.
Belar hockeyan, Realak Zubietan jokatuko du berriz ere, bihar (16:00). Sardinero menderatu ondoren, Tenis taldea ere gainditzen ahaleginduko dira. Sailkapenean atzetik dituzte, eta haiekiko tartea handitzeko garaipena behar dute.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Reala – Athletic (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 8. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket – Kantabria (bihar, larunbata, 19:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Reala – Tenis (bihar, larunbata, 16:00)

