Bera Berak Europako ligako ligaxka jokatuko du
Donostiako eskubaloi taldeak Kanaria Handia kanporatu du. Realak, berriz, kolpe gogorra jaso du Anoetako derbian.
Bera Berako jokalariak Gaskan lorturiko sailkapena ospatzen.Bera Bera Denboraldi hasierako helburua bete du Bera Bera eskubaloi taldeak: Europako ligako ligaxkara sailkatzea. Kanaria Handia kanporatu zuten atzo Gaskan, itzulerako partida berdindu arren (21-21). Izan ere, donostiarrek hiru goleko aldearekin menderatu zituzten kanariarrak Telden, eta errenta hori ederki baliatu zuten atzoko norgehiagokan. Hasieratik markagailuan aurretik jarri ziren, eta kontrolpean izan zuten arerioa. Atsedenaldira bost goleko aldearekin iritsi ziren, eta azken minutuetan estuago ibilita ere, behar zuten emaitza lortu zuten. Elba Alvarez izan zen jokalari erabakigarriena, zortzi gol egin zituelako —horietako bost penaltiz—.
Futbolean, ahazteko derbia jokatu zuen Realak Athleticen aurka, Anoetan (1-4). Txuri-urdinak ezinean aritu ziren, eta zuri-gorriak oso eraginkor. Horrela, lehen zatian bideratu zuen aurkariak garaipena, hiru gol eginda. Dena dela, lehena jokoz kanpo izan zela argi ikusi arren, epaileak ontzat eman zuen. Reala jasotako gehiegizko zigorra arintzen saiatu zen, eta Keeferen golarekin zertxobait suspertu ziren. Ordea, ez zen nahikoa izan askoz hobeto aritu zen arerioari aurre egiteko. Porrot mingarria atzean utzi beharko dute ligan gora egiten jarraitzeko. Bestalde, Nerea Eizagirre kapitaina omendu zuten neurketaren atarian, 300 partida ofizialetan parte hartu duelako Realarekin.
Saskibaloian, Askatuak Gipuzkoa Basketek ere astindua jaso zuen Gaska kiroldegian. Erabat gaindituta aritu ziren Kantabriaren aurka, eta alde nabarmenarekin galdu zuten. Agerikoa da Donostiako taldeari irabaztea eta lehiatzea asko kostatzen ari zaiola. Sailkapen nagusian azken aurreko tokian daude bi partida irabazita eta sei galduta.
Belar hockeyan, Realak ezin izan zion Zubietan garaipenen boladari jarraipena eman. Tenisek neurria hartu zion talde txuri-urdinari, eta beraiek egin zuten partidako gol bakarra (0-1). Garrantzitsua den erregulartasun hori lortu ezinda dabiltza.
EMAITZAK
Eskubaloia
Europako ligako kanporaketaren itzulerakoa
- Bera Bera 21 – Kanaria Handia 21
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Reala 1 – Athletic 4
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 8. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket 67 – Kantabria 92
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Reala 0 – Tenis 1

