«Mugimenduaren eta idazketaren bidez, barruan duzuna adieraztea du helburu»
Etxean sorturiko egitasmo bat egokitu eta Egiako Txondorra gunean konpartitzen hasi da Ane Ruiz Laurenzena (Gros, 1985). 'Ludografia' da bere izena, eta ikastaroen bidez ezagutzera eman nahi du.
Ane Ruiz, Egiako Txondorra gunearen atean.Inaxio Esnaola Zer da ‘Ludografia’?
Jolastuz idaztea. Ludo da jolasa, eta grafia, berriz, idazketa. Bien arteko lotura da. 2020an asmatu nuen, pandemia garaian. Etxean aspertuta nengoen, eta Ludokrazia izeneko joko bat sortu nuen, lagunekin sarean jolasteko. Aurtengo irailean, berriz, hasi nintzen pentsatzen, orain bai beste pertsona batzuei ireki nahi niela, presentzialki egiteko. Lagun batek esan zidan Ludokrazia izena politikarekin lotu zitekeela. Berak eman zidan ideia, Ludografia izena jartzeko. Izen bereko tresna bat existitzen da, baina ez du zer ikusirik nik asmatutakoarekin.
Jolasa, idazketa eta hirugarren elementua musika bidezko mugimendua da, ezta?
Hori da, bai. Mugimendurako erabiltzen ditudan abestiak garrantzitsuak dira. Askotariko erritmoak eta esanahia duten hitzak dituztenak erabiltzen ditut. Izan ere, mugitzen ari garen bitartean, abesti bakoitzak iradokitzen diguna idatziko dugu; hitz edo esaldi bat. Jolas hori hainbatetan errepikatzen dugu, kantaz kanta. Azken batean, barrura begirako bidaia bat da, ahalduntzen zaituena, sentitzen duzun hori idatziz adierazita.
Beraz, zuk aukeratutako musika erabiltzen duzu.
Bai. Erritmo lasaia duten abestiekin hasten dugu jolasa, pixkanaka erritmo biziagoetara pasatzeko. Abesti instrumentalen bat erabiltzen dudan arren, gehienek hitzak dituzte. Normalean, hitz horiek eramango gaituzte gorputza mugimenduan jarri eta idaztera. Esaterako, Pedro Pastor kantautorearen Ejercito mi escritura kanta beti erabiliko dut, aproposa delako. Jarri izan dudan beste bat da Natalia Doco abeslariaren Respira. Euskarazko abestien bila ere banabil, eta tailerrerako balio dezaketenen bila nabil.
Elementu guztiak erabilita, zein da azken emaitza?
Bukaeran, idatzitakori zentzua ematen diogu, ahalik eta hitz gutxien sartuz. Poesia, ipuin edo narrazio txiki bat osatzea da helburua. Dena dela, bi modutakoa izan daiteke azken emaitza. Tailerrean lau pertsona baino gutxiagok parte hartzen badute, idatzi kolektibo bat osatuko genuke guztion hitzekin. Aldiz, pertsona gehiago badira, bakoitzak bere idatzi propioa osatuko luke.
Hasiberri zara ‘Ludografia’ tailerrarekin. Nolako harrera izan du lehenak?
Parte hartu zutenei hiru-lau egunetara galdetu nien nola zeuden. Momentu txarra pasatzen ari zen batek esan zidan, oso ondo etorri zitzaiola libreki mugitzeak eta dantzatzeak beste jende batekin, asko lasaitu zuelako. Horren ostean, etxean negar saio luze bat egin zuen, eta buelta eman zion. Beste batek esan zidan oso gustura egon zela, barrura begira. Ondoren, egunerokotasunean sartuta, ahaztu egin zuela. Hirugarren batek, esan zidan oso barrura begira egon zela, eta bi astetik behin egin ordez, astero egitea ondo etorriko litzaiokeela. Badirudi lagungarria dela.
Terapia baten gisakoa da ‘Ludografia’?
Ez da nik nahiko nukeena. Pedagogoa eta terapeuta naiz, baina Ludografia tailerrarekin ez dut hori bilatzen. Mugimenduaren eta idazketaren bidez, barruan duzuna adieraztea du helburu. Horrelako esperientzia bat bizi nahi duen orok du aukera tailerrean parte hartzeko.


