Etxebizitzaren prezioak gora egiten jarraitzen du Donostian: 6.662 euro metro koadroko
Etxebizitzak, Donostian.Joseba Parron San Sebastian Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialak (HJAEO) 2026ko hirugarren hiruhilekoko (uztaila, abuztua eta iraila) etxebizitzaren prezioaren inguruko datuak argitaratu ditu, ondorio argi batekin: salerosketa prezioek gora egiten jarraitzen dute.
Zehazki, erakunde horren datuen arabera, 6.662 eurokoa da Donostiako etxebizitzen metro koadro bakoitzaren salerosketa prezioa, batez beste. Gipuzkoa osoa kontuan hartuta, batez beste, 4.102 eurokoa da prezioa metro koadroko. Bi kasuetan, aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta, igo egin da prezioa: %3,8 Donostian eta %3,3 Gipuzkoan.
Bestalde, datu metatuak kontuan izanik, HJAEOren datuen arabera, %11,7 igo da etxebizitzaren prezioa Donostian urtetik urtera, eta %9,3 Gipuzkoan. Gogoratu behar da, hain zuzen ere, etxebizitza dela herritarren kezka nagusia azken inkesten arabera, eta etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra egin berri dela Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan. Grebaren atarian, Donostiako etxebizitzaren egoera aztertu zuen IRUTXULOKO HITZAk, erreportaje zabal batean.

