Euskal Herriko Mugimendu Feministak autodefentsa aldarrikatu du azaroaren 25ari begira
Azaroaren 25ean, 19:00etan abiatuko dute manifestazioa, Bulebarretik.
Azaroaren 25eko mobilizazio bat. Beñat Parra Euskal Herriko Mugimendu Feministak agerraldia egin du gaur goizean, datorren azaroaren 25ari begirako irakurketa plazaratzeko. Ez ginen atzera egiteko jaio leloa ardatz hartuta, indarkeria matxistari aurre egiteko, instituzioei ardura exijitzeko eta antolatzeko beharra nabarmendu dute.
Azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak –Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie– ekarri dituzte gogora, haien senide eta lagunei elkartasuna adieraziz. Gertatutakoa memorian bizirik mantenduko dutela azpimarratu dute, eta bide horretan, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n herriz herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketan parte hartzeko deia zabaldu dute. Horrez gain, elkartasuna adierazi diete mundu osoan erresistentzian ari diren emakumeei eta sexu genero disidenteei, Palestinako genozidioaren amaiera bereziki eskatuz.
Mugimenduak salatu du sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan dituela zapalkuntzak betikotzeko, eta faxismoaren eta eskuin muturraren diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ohartarazi du. Ildo horretan, argi utzi dute ez dutela onartuko “feminismoaren instrumentalizazioa” diskurtso arrazistak zabaltzeko, ezta segurtasunaren izenean polizia gehiago eskatzeko ere; aitzitik, “justizia feminista” aldarrikatu dute babesgune gisa.
Udazkeneko mobilizazio zikloa ere ekarri dute gogora, irakurketan: hilaren 5ean Ipar Euskal Herrian bizitzaren garestitzearen aurka egindako greba, hilaren 11n Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen aldeko protestak, eta hilaren 25ean Euskal Herri osoan indarkeria matxistaren aurka egingo direnak. Etor daitekeenaren aurrean, autodefentsa feminista borrokarako tresnatzat dute, eskubideen ukazioaren, zerbitzu publikoen pribatizazioaren eta bizitzekin negozioa egiten dutenen aurka egiteko.
Azkenik, aliantzak egiteko eta antolatzeko garaia dela adierazi dute: indarkeriarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen, anaidia sostengatzen duten gizonen eta antifeminismoaren aurka antolatuko dira.

