Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriak Donostia hartu du
Milaka herritarrek hartu zuten parte Donostian azaroaren 11ko greba orokorrean, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulatzaileen eta errentatzaileen aurka. Goizetik iluntzera, hiriko kaleetan presente egon ziren sindikatuen aldarrikapenak.
Greba orokorreko Donostiako eguerdiko manifestazio jendetsua, Bulebarrean. Joseba Parron San Sebastian Etxebizitza da Donostiako arazo nagusia, eta, horregatik, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta, milaka lagun atera ziren asteazkenean hiriko kaleetara, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren testuinguruan. Hego Euskal Herrian azken urtean egindako bigarren greba orokorra izan zen —martxoaren 17an izan zen aurrekoa, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde—, eta estatu osoan azken hamalau urteotan egindako lehena.
Lehen ordutik nabaritu zen grebaren oihartzuna hirian, zenbait bide mozketa egin baitzituzten grebalariek. Alde batetik, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, Ibaetako biribilgunea itxi zuten ehun bat grebalarik 07:00etan, sarrera guztietan pankarta handiekin jarriz. Berehala bertaratu ziren ertzainak —aurretik, grebalari ugari identifikatzen aritu ziren inguruan—, baita borrekin manifestariak kolpatzen hasi ere. Hala ere, grebalariek ordu erdi pasatxoz eduki zuten itxita biribilgunea, auto ilara handiak sortuz eta hiriaren parte hori geldiaraziz.
Hiriko beste sarrera nagusi batean, Amara Berriko Karlos I.a hiribidean, antzeko ekintza bat gauzatu zuen lehen orduan beste grebalari talde batek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen eskutik (EHESS).
Bide itxierak ez ziren hor bukatu, ordea, Ibaetako sarrera itxi baitzuten berriz ere 10:00ak aldera 200 bat grebalarik, LAB sindikatuak deituta. Infernua eremuan egiten ari diren etxebizitza berrien parean atera ziren errepidera, alderik alde kate bat jarrita eta ingurua ke eta pintura gorriz betez. Hogei bat minutuz, eserialdia egin zuten errepidean, baita ekintza modu baketsuan bukatu ere; Ertzaintzak kide bat identifikatu zuen. Nabarmentzekoa da, halaber, goizean zehar, Ertzaintzak emakume bat atxilotu zuela Donostian grebaren harira, baina eguerdirako aske utzi zutela.
Auzoetan, piketeak
Errepide itxierez gain, grebalariek pikete informatiboak egin zituzten hiriko hainbat gunetan. ELA sindikatuak, esaterako, 08:30ean abiatu zuen bere mobilizazioa Pio XII.a plazatik, eta erdiguneko kaleetan barrena ibili zen etxebizitza eskubidea aldarrikatzen.
Horrez gain, Egian, Antiguan, Parte Zaharrean eta beste zenbait auzotan ibili ziren greba batzordeak pikete informatiboak eta bestelako ekintzak egiten; nagusiki, irekita zeuden saltoki eta tabernak —auzo batzuetan, oso gutxi zeuden irekita— ixtera gonbidatzen aritu ziren.
Milaka pertsona, kalera
Grebak jarraipen zabala eduki zuen, eta horren erakusgarri izan zen goiza itxi zuen manifestazio jendetsua: milaka lagunek egin zuten bat EHESSk, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk deitutako manifestazioarekin, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean. 12:30ean abiatu zen gehiengo sindikalaren manifestazio hori Pio XII.a plazatik, eta Bulebarrean bukatu zen. Halaber, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, ehunka pertsona mobilizatu ziren 12:00etan Alderdi Ederretik atera zen manifestazioan.
Gehiengo sindikalaren manifestazioaren bukaeran, EHESSk, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk eta Hiruk hartu zuten hitza, baita grebak izandako jarraipena ospatu ere: «Hego Euskal Herriko milaka eta milaka pertsonek lantokiak hustu eta kaleak bete ditugu, espekulazioaren eta errentatzaileen aurka». Halaber, PP, EAJ, UPN eta PSOE alderdi politikoen jarrera eta politikak salatu zituzten grebalariek, baita erakunde publikoenak ere: «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek, dituzten eskumen zabalak baliatuta, etxebizitzaren negozioa sustatzen duten politikak bultzatu dituzte». «Alderdi politiko desberdinek gobernatutako udalerrietan, alternatiba errealik eskaini gabe, etxegabetze aginduak baimendu eta gauzatzen dira», gaineratu zuten.
Horrela, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ahaztu gabe, etxebizitza eskubide izan dadin, antolatzera eta borrokatzera deitu zuten langile klasea: «Irekiko diren egoeren aurrean indartu, antolatu eta mobilizatu behar gara: eskuineko gobernu baten murrizketei aurre egiteko zein balizko beste gobernu aurrerakoi batek eman nahi ez dituen pausoak ematera bultzatzeko».
Grebak jarraipen zabala eduki zuen, eta horren erakusgarri izan zen goiza itxi zuen manifestazio jendetsua: milaka lagunek egin zuten bat
Arratsaldean, etenik ez
Greba eguna ez zen eguerdiko manifestazioekin bukatu, izan ere, bazkalostean, grebarekin bat egin zuten hainbat eragilek antolatuta, Parte Zaharreko hotelez hotel joan zen grebalari talde bat, industria turistikoak etxebizitzaren auzian duen ardura salatuz. Hotel bakoitzean egin zituzten geldialdiak eta hitzartzeak, arratsaldeko mobilizazioetarako motorrak berotzeko.
Bestalde, eguneko azken mobilizazioaren aurretik, mugimendu feministak eta beste eragile batzuek deituta, elkarretaratzea egin zuten Bulebarrean herritar ugarik, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, antirrazistok eta transfeministok borrokan lelopean. Elkarretaratzearen ondoren, arratsaldeko manifestazio nagusira batzera deitu zituzten herritarrak, eta, hain zuzen ere, eguerdian gertatu zen moduan, jende andanaren parte hartzea eduki zuen sindikatuek 18:00etan abiatutako manifestazioak.
«Euskal langileriak badaki eskubideak antolatuta eta borrokatuta lortzen direla», nabarmendu zuten grebalariek mobilizazioetan, eta, hain zuzen ere, horretarako atera ziren herritarrak Donostiako kaleetara: etxebizitza eskubide izan dadin.


