Ehunka lagunek aldarrikatu dituzte etxebizitza eskubidea eta soldata duinak
Ehunka lagunek bat egin dute bi sindikatuek antolatutako mobilizazioarekin.Maitane Aldanondo Ehunka lagunek bat egin dute CCOOk eta UGTk antolatutako manifestazioarekin. A11N! Greba Orokorra. Soldatak. Etxebizitza. Prezioak lelo nagusia eta bi sindikatuen siglak zituen pankarta buruan, Alderdi Ederretik irten eta Bulebarrera buelta egin dute Erdialdeko kaleetan barrena. Etxebizitza eskubideari, soldata hobeen aldarrikapena ere gehitu diote. Hala, Lan duina, eskubidedun soldatak, Etxebizitza eskubidea da, ez pribilegioa, Gora, gora, gora, langileon borroka! edota Publikoa ez da saltzen, publikoa defendatu egiten da! moduko oihuek bete dute ibilbidea, txilibituen txistu ugariekin batera. Manifestarietako askok banderak zituzten eskuetan: sindikatuen siglak zituen ikurrinak, bandera komunista, errepublikanoa, LGTBI…
Argentinar Errepublika hiribidean amaieran, Erregina Erregentearen kalera iristear zela manifestazioaren buruan, Donostiako Osasun Publikoaren Aldeko plataformaren kideek pankarta bat altxatu dute beren aldarrikapenarekin: Etxebizitza duinerako eskubiderik gabe ez dago osasunerako eskubiderik. Bulebarrean aurrera egin eta kioskoan amaitu dute mobilizazioa, bi sindikatuetako ordezkarien hitz hartzearekin.
Soldata, prezioak eta etxebizitza
Alderdi Ederretik abiatu aurretik, pankarta atzean zeudela adierazpenak egin dituzte CCOOko Gipuzkoako lurralde arduradun Raquel Diazek eta UGTko Gipuzkoako arduradun Idoia Arrietak. Datu zehatzik ez bazuten ere, biek nabarmendu dute greba orokorraren “jarraipen handia”. Industrialdeak “hutsik”, industriako enpresa garrantzitsuak “geldirik”, ikastetxe publikoetan %80ko jarraipena, ospitaleetan ere… “Beraz, gaurkoa egun historikoa da Euskadin eta herrialde osoan”. Arrietak ere jarraipena “oso masiboa” izaten ari zela berretsi du. Garraioan, “gutxieneko zerbitzuekin baino ez dabiltza”; “ikastetxe guztiak” eta Industriako enpresa garrantzitsu “guztiak” itxita, Pasaiako portua ere… Hortaz, “pozik” zegoen izandako babesarekin. Baita Diaz ere, “aldarrikapen indibidual eta pertsonal guztiak” ekintza kolektibo bakarrean bateratzea lortu baitute.
Diazen esanetan, etxebizitzaren auzia “oinarrizko arazoa” bihurtu da herrialde osoan, “bereziki, Gipuzkoan eta Donostian”. Etxebizitza eskubidearen aldeko greba izanik ere, soldata eta prezioei inguruko aldarrikapenak ere gehitu dizkiote. Arrietak gogoratu duenez “etxebizitza duina izateko eskubidea gauzatu ahal izateko, soldata duinak eduki behar ditugu. Onartezina da, enplegua eta kontratu mugagabeak izanik ere, jendea hilabete amaierara ezin iristea, eta are gutxiago etxebizitza bat lortu ahal izatea, ez jabetzan, ez alokairuan”.
Horretarako soldatak igotzea beharrekoa dela berretsi du, eta borrokan jarraituko dutela negoziazio kolektiboaren eremuan. Ildo beretik, Diezek adierazi du datu makroekonomiko “bikainek” pertsonengana eta familiengana iritsi behar dutela. Prezioei dagokienez, berriz, “patronalaren aurkako greba” dela zehaztu du, prezioen igoera osoa azken kontsumitzailearen bizkar utzi baitu, eta “kontsumitzaile horiek herri honetako langileok gara”.

