Milaka lagunek egin dute Bulebarretik Sagueserainoko aldarrikapenen bidea
Arratsaldean ere jendetzak bat egin du etxebizitza sindikatuek eta lan arloko gehiengo sindikalak antolatutako manifestazioarekin.
Arratsaldeko manifestazioa, Santa Katalina zubia zeharkatzen.Joseba Parron San Sebastian Esanguratsua izan da etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak Donostian izan duen jarraipena. Goizean, eguerdian eta baita arratsaldean ere. Milaka lagun mobilizatu dira egun osoan zehar, eta arratsaldeko manifestazioan ere jendetza bildu da. Etxebizitza sindikatuek eta lan arloko gehiengo sindikalak deituriko mobilizazioak sekulako ilara sortu du Bulebarretik hasi eta Saguesera iritsi bitarte.
Euripean eta zeru ilun zein itxiaren aurrean, Espekulazioari ez esateko atera dira kalera herritarrak eta askotariko gizarte eragileak. Antolatzaileen deiarekin bat egin dute, besteak beste, Kaleratzeak Stop plataformak, transfeministek eta antiarrazistek, Bizilagunekin plataformak eta antimilitaristek.
Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko eta Etxebizitzaren negozioari ez leloak izan dira kalez kale gehien errepikatu direnak. Bulebarretik abiatu ondoren, Andia kaletik eta noriaren albotik igaro dira manifestariak, Ertzaintzaren begiradapean. Askatasunaren Hiribidean aurrera egin dute, eta itxita topatu dituzte establezimendu asko, ordutegiaz harago.
Normalean egin ohi diren martxekin alderatuta, Santa Katalina zubia gurutzatu dute, aldarriak Grosen barrena oihukatzeko. Hain zuzen ere, Putre funtsak kanpora leloa da maiz errepikatu dutena, Azorari erreferentzia zuzena eginez —auzoan hainbat etxebizitza dituen putre funtsa—. Grosen kale batetik beste ibili ostean, Saguesera abiatu dira. Bidean, denda eta taberna gutxi batzuk topatu dituzte irekita.
Manifestua, Saguesen
Ezohiko helmuga aukeratu dute arratsaldeko manifestazio jendetsuari bukaera emateko. Sagueseko zabalgunean elkartu dira mobilizazioarekin bat egin duten milaka herritarrek. Egiari zor, denbora asko pasatu da manifestua irakurtzen hasi diren arte, jende asko oraindik iritsi gabe zegoelako.
Ekitaldiko hitzartzearen aurretik, elkartasuna adierazi diete goizean identifikatu eta atxilotu dituzten manifestariei. Jarraian, berriz, etxebizitzaren arazoaren “errudunak” seinalatu dituzte: “Espekulatzaileak, errentistak, higiezinen enpresak eta horiek defendatzen dituzten alderdiak zein politikariak”.
Donostiako errealitateari zuzenki erreparatu diote, etxebizitza delako hiriaren arazo nagusienetakoa. Horrela, Donostiako Udalaren eta Jon Insausti alkatearen jokabidea salatu dituzte. Batetik, “35 metro karratutik gorako lokalak etxebizitza bihurtu” nahi dituztelako: “Lehen garaje bat zena, kalitatezko bizileku izan daitekeela saldu nahi digute”. Horrekin batera, gogorarazi dute Ibaetako Infernua auzuneko etxebizitza garapen bat Amenabar enpresari “eman” diola Insausti alkateak.
Bestalde, Larratxoko familia baten etxegabetzea gelditzea lortu berritan, “kolektiboki antolatzearen eta borrokatzearen” garrantzia nabarmendu dute: “Tresnarik onenak dira”.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak osaturiko irudi bilduma ikus dezakezue:

