San Martin kaleko zuhaitzak berritzen hasi dira, topoaren geltoki berriaren inguruan
San Martin kaleko lanak.Donostiako Udala Donostiako Udala gaur hasi da berritzen San Martin kaleko zuhaitzak, Hondarribia eta Urbieta kaleen arteko zatian. Loiola eta San Martin kaleetako urbanizazioaren parte da, eta topoaren geltoki berriari lotuta dago. Lan horiek Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) koordinatuta egiten ari dira.
Hasteko, San Martin kaleko 22. zenbakiko bost zuhaitz ale kenduko dituzte, kaltetuta zeudelako. Aldiz, sei ginkgo landatuko dituzte, eta beste zazpi 30. zenbakiaren aurrean. Hain zuzen ere, 30. zenbakiaren parean zeuden zuhaitzak ere kendu egin zituzten, topoaren geltoki berrirako sarbidea eraikitzeko beharrezko egiturarekin bateraezinak zirelako. Horri esker, kale tarte horretako zuhaitz lerrokaduraren jarraitutasuna berreskuratuko dute.
“Gure helburua da San Martin kaleko zuhaitzak berreskuratu eta indartzea, bai eta zuhaitz berriek datozen hamarkadetan hazteko eta garatzeko baldintza egokiak izango dituztela bermatzea ere”, adierazi du Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Kenduko diren bost zuhaitzak babestu eta kontserbatu egin dira azken urteetan. Hala ere, lurpeko azpiegiturak eta zoladura berritzeko jarduketek eragin handia izan dute ale horietan, eta arriskuan jarri dute haien kontserbazioa. Gainera, ale horiek mantentzeak eragotzi egingo luke etorkizuneko zuhaitzen garapena bermatzeko aurreikusitako egiturazko lurzoruaren sistema berria behar bezala egikaritzea.
Sistema berri bat
Landatuko diren zuhaitzetarako, irtenbide tekniko bat diseinatu eta aplikatu du udalak, hiriko zuhaitzen baldintzak hobetzeko. Zoladuraren azpian lur estrukturaleko oinarri jarraitu bat jarriko dute, lurpeko lorategi handi gisa funtzionatuko duena, zuhaitzen sustraiek hazteko espazio handiagoa izan dezaten. Sistema horrek zoladurari eta oinezkoen joan-etorriei eusteko behar den erresistentzia eta sustraien hedapena errazten duen porositate handia konbinatzen ditu, era horretan, zuhaitzen hazkunde osasungarri, homogeneo eta iraunkorra errazteko. Era berean, ginkgo berriak ale ar edo eme antzuak izango dira, eta beraz, lurrera erori eta zapaltzean usain desatsegina sortzen duten fruiturik ez dute emango.

