2028an abiatuko dituzte Intxaurrondoko Aemeten eraikinean etxebizitzak egiteko lanak
Aemet erakundearen Intxaurrondoko egoitza zaharraren egungo egoera.Eusko Jaurlaritza Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 2028. urtean hasiko ditu Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Intxaurrondoko egoitza zaharra eraldatzeko lanak, bertan 42 zuzkidura apartamentu eraikitzeko. Hala jakinarazi du Etxebizitza Sailak, baita nabarmendu ere proiektua idazteko eta lanak gauzatzeko lizitazioa batera egingo dituela, “epeak laburtzeko”.
Espainiako Gobernuaren Ogasun Ministerioak irailean formalizatu egin zuen eraikinaren lagapena, eta, ordutik, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago orain Parada Baserria kaleko 48. zenbakian dagoen Villa Etxaide Borda etxea, urte luzez utzita egon dena. 2018an hasi zen eraikin hori eraberritzeko negoziazioen prozesua.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gazteentzako alokairu babestuko erregimeneko 42 zuzkidura apartamentu sortzeko erabiliko du eraikina, eta Alokabide alokairuaren euskal sozietate publikoak kudeatuko du. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak azaldu duenez, zazpi milioi euro sartuko ditu 2027ko aurrekontuan “Villa Etxaide Borda etxea birgaitzeko eta eraikin horretan alokairu babestuko 42 zuzkidura apartamentu eraikitzeko”.
Eusko Jaurlaritzaren proposamenak eraikina birgaitzea eta eraldatzea planteatzen du, “duen egitura aprobetxatuta, barruko espazioak berrantolatuta eta bizitoki argitsuak, efizienteak eta goi mailako bizigarritasun estandarretakoak sortuta”. Horrela, gela bateko 38 apartamentu eta bi gelako beste lau apartamentu egokitu aurreikusten ditu, baita bizikidetza errazteko espazio komunak ere. Sotoan aparkaleku bat egitea ere aurreikusten du Jaurlaritzak: “42 plaza izango ditu, eta 44 ere hartu ahal izango ditu”. “Horrez gain, hiri baratze komunitariorako 500 metro karratu baino gehiago sortuko dira mendebaldeko fatxadaren aurreko plataforma terrazadunetan”, gaineratu du Etxebizitza Sailak.

