Topoaren igarobideko hiru geltokietan barrena
Hiru egun falta dira 4,2 kilometroko lurpeko pasabidea eta hiru geltoki berriak inauguratzeko. Aldiz, gaur, Imanol Pradales lehendakariak probatu du, hedabideei zuzenduriko bisitan.
Topoaren igarobidea ezagutzeko egindako bisita.Joseba Parron San Sebastian Bederatzi urteko lanen, 300 milioi euro inguruko gastuaren eta hainbat ezbeharren ondoren, Donostiako topoaren igarobide berria martxan jarriko dute. Larunbatean, hilaren 21ean, izango da, eta gaur pasabide berria inauguratu aurreko bisita egin dute Imanol Pradales lehendakariak eta Susana Garcia Chueca Mugikortasuneko sailburuak. Hedabideak ere gonbidatu dituzte, eta IRUTXULOKO HITZA 4,2 kilometroko lurpeko pasabidean barrena ibili da, hiru geltoki berriak ezagutzeko aukera izan du: Amara, Kontxa-Zentroa eta Bentaberri.
Hain zuzen ere, Amarako geltoki berria izan da abiapuntua. Easoko lur gaineko geltokiaren albo batean dagoena, Autonomia kaleko 20. zenbakian. Jaitsiera sigi-sagatsua du, pasarela eta eskailera mekaniko batzuekin. Topoaren sarrera eta egindako bidean oraindik langileak zebiltzan batetik bestera, azken lanak bukatu gabe daudelako. Behean, nasan, zain zegoen igarobide berriaren harira martxan jarriko dituzten bost trenetako bat; modernoagoa, irisgarria eta erabilgarriagoa. Martxan jarri eta Kontxa-Zentroa geltokira abiatu da, lurpean behera nabarmen eginez.
Bisitaren bigarren geltokia izan da, Garcia Chuecaren eta Pradalesen hitzartzerako aukeratu dutena. “72 ordu baino gutxiago falta dira Donostiako eta Gipuzkoako historiako obra publiko handiena martxan jartzeko”, esan du Garcia Chuecak. Horrekin batera, adierazi du topoaren igarobidea martxan jarri aurretik egin beharreko lan guztiak “epe barruan” eta “aurreikusitako moduan” betetzen ari direla.
Pradales luze eta zabal aritu da Kontxa-Zentroa geltokian, eta adierazpen deigarri batzuk egin ditu. Lehenik eta behin, topoaren igarobidea eraiki duten enpresei eskerrak eman dizkie, eta, bigarrenik, lanak urtetan jasan dituzten herritarren “pazientzia” estimatu du. Gainera, pasa den ekainean topoaren obran hildako langilearen sendiari doluminak eman dizkio.
Hitzaurrean ostean, denboran atzera egin du topoaren igarobidea sustatu eta bultzatu zutenei gorazarre egiteko: “Hau guztia ez zen posible izango duela hamarkada bat baino gehiago euskal erakundeen anbizioa eta epe luzerako ikuspegiagatik izan ez balitz. Gaur beste batzuoi dagokigu amaiera ematea, kalkulu politikoetatik eta epe laburrerako kalkuluetatik harago”. Are gehiago, topoaren igarobidearen proiektuaren kontra agertu direnak kritikatu ditu: “Erokeria bat zela zioten, bada, erokeria bedeinkatua!”.
“Martxa txuri-urdina”
Aurrera begira ere jarri da lehendakaria, eta “topo berriak” ekarriko duen “benetako jauzi kualitatiboa” nabarmendu du: “Etorkizuneko trena da, eta Donostian gaudenez, martxa txuri-urdina jarriko diogu”. Gainera, topoa izatetik metroa izatera pasako dela adierazi du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ez du askotan aipatu topoaren igarobide berria egiteko gastatu den dirua, baina gaur Pradalesek esan du 292 milioi euroko inbertsioa izan dela.
Adierazpenak egin ondoren, topoa berriz ere martxan jarri dute Bentaberriko geltokiraino, eta han bukatu da bisita instituzionala. Falta diren lanez gain, bi agintariek Victor Goikoetxea artista gipuzkoarraren El eco de la bahia artelana —urdin eta berde koloreko xaflez osaturikoa da, eta bideoan ikus daiteke— jartzeko azken ukituak ikusi dituzte. Esku hartze artistiko arkitektonikoa Bentaberriko eta Kontxa-Zentroko geltokietarako sarbideen erronka gainditzeko egin dute.
Joseba Parron San Sebastian argazkilariak osatu du bisitaren irudi bilduma:

