Tren guztiak ezkerretik ibiliko dira, Lasarte-Oria eta Hendaia artean
Topoaren igarobide berriaren ibilbidearen informazioa, geltoki berri batean.Joseba Parron San Sebastian Larunbatetik aurrera, topoaren zirkulazioaren noranzkoa aldatuko dela iragarri du Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak. Joan den otsailera arte topoaren trenak eskuinetik ibiltzen baziren ere —Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eta Euskotrenen sareko gainerako trenak ezkerretik ibiltzen dira—, otsailean amaitu zen noranzkoa eskuinetik ezkerrera aldatzeko lehen fasea, parekotasun aldaketa deiturikoa, Hendaia eta Galtzaraborda (Errenteria) artean.
Bigarren fasean, parekotasun aldaketa hori Pasaia eta Anoeta artean dauden sei geltokietara hedatuko da, Altza, Herrera, Intxaurrondo eta Loiolakoak barne. Horrela, tren guztiak ezkerretik ibiliko dira, Lasarte-Oria eta Hendaia artean. ETSk ostiraletik larunbaterako gauean aldatuko ditu seinaleak, eta ETSk zein Euskotrenek geltokietako arreta zerbitzua indartuko dute, seinaleztapen espezifikoa instalatuko dute eta megafoniaz abisuak emango dituzte aldaketa gogorarazteko. Trenetan, aldiz, aldaketa teknikoak egingo dituzte eta software espezifiko bat izango dute gidariei laguntzeko.
Nasak aldatzea beharrezkoa da Zumaia-Pasaia trenbide lotura egiteko, tren aldaketarik gabe, eta hori egin ahal izango da larunbatean estreinatuko den 4,2 kilometroko lurpeko pasabide berriaren bidez. Orain arte, Amarako geltokian egin dira tren aldaketak, eta zirkulazioaren noranzkoa ere bertan aldatu izan da; izan ere, kostaldetik zetozen trenak ezkerraldetik zihoazen, eta toparenak, eskuinetik.
Igarobide berriaren ondorioz, tren guztiak ezkerretik ibiltzeko aukera emango du. Izan ere, topoaren lineak 4,2 kilometro eta Antigua auzora eta Erdialdera iristeko bi geltoki berri baditu ere, treneko bidaiaren denborak ez dira handituko, tarte berria egiteko behar diren minutuak lehen Amarako gidatzeko kabina aldatu eta zirkulazioa erregulatzeko behar zirenak baitira.
Hauek izango dira trenbide zati berriaren ibilbide denborak: Lugaritzetik Bentaberrira bi minutu, Bentaberritik Kontxa-Zentrora: hiru minutu, Kontxa-Zentrotik Amarara bi minutu, eta Amaratik Anoetara bi minutu.
Azken mugarria
Hilaren 20tik 21erako gauean, ETSk eraikuntzako azken mugarria egingo du: Donostiako bide berria eta egungo trenbidea lotuko ditu Morlans parean. Gaur egun, topoak zirkulatzen duen trenbidea 40 metro mugitu behar da, zati berriarekin lotu dadin.
Lan tekniko horiek bukatzean, topo berria metro maiztasunekin abiatuko da —trenari dagokionez, maiztasunak hamar minututik beherakoak izango dira—. Hala, Donostialdeko ekialdean dagoeneko eskaintzen ari diren 7,5 minutuak mendebaldera zabalduko dira. Horrela, Añorga eta Pasaia arteko hamaika geltokiek hobetutako zerbitzu horren onurak izango dituzte.

