Asteburu honetan zer plan Donostian?
Barrexerkaren 'Patatekin' ikuskizuneko irudi bat.Barrexerka Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 20), Kursaalera joatea gomendatuko dizugu, izan ere, Musikeneren 25. urteurrenaren harira, Las Golondrinas obra historikoa interpretatuko du Musikene Orkestra Sinfonikoak, 19:30ean. Sarrerak Kursaalaren webgunean daude salgai, 6 euroan.
Larunbatean (hilak 21), euskal umoreaz gozatzeko proposamena: Barrexerka talde donostiarrak Patatekin ikuskizuna eskainiko du Antzoki Zaharrean, 19:30ean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10-15 euroan. Horrez gain, ez ahaztu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa egingo dutela Illunben, 17:00etan.
Igandean (azaroak 22), asteburua ixteko, musika gomendio bat: Alvaro Gaviria eta Paul San Martin bikote donostiarraren blues kontzertua, Altxerrin, 20:00etan. Sarrerak han bertan daude salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan proposamen bat ere, hementxe: Mikel Zabalza oroitzeko ekitaldien barruan, ostegunean, hilaren 26an, Gaza: Doctors Under Attack dokumentala (Karim Shah, 2025) proiektatuko du Mikel Zabalza Herri Ekimenak Tomasene Kultur Etxean, 18:30ean. Israelgo Estatu sionista Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa du ardatz filmak, fokua ospitaleen aurkako erasoetan jarrita. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute.

