Bera Berak Ikast, Dunarea eta Larvik izango ditu aurkari Europako ligan
Bera Beraren eta Kanaria Handiaren arteko Europako kanporaketako partida, Telden.Bera Bera Europako ligako ligaxkaren zozketa egin dute gaur Europako Eskubaloi Federazioan (EHF) Vienako egoitzan, eta Bera Bera A multzoan ariko da. Hiru arerioak, berriz, hauek izango dira: Danimarkako Ikast Handball, Errumaniako Dunarea Braila eta Norvegiako Larvik.
“Multzoa gogorra izatea zegoen aurreikusita. Halere, ilusioz ekingo diogu faseari, Gaskan giro bikaina sortuz eta gozatuz, joan den igandean Kanaria Handiaren aurka ikusi zen moduan”, adierazi du Tati Garmendia kirol zuzendariak.
Klubak adierazi duenez, berez, Danimarkan hasi beharko lukete ligaxka, Herningen, 2027ko urtarrilaren 9an edo 10ean. Ikast Handball taldea izango da lehen aurkaria. Hala ere, Europako Eskubaloi Federazioak datak baieztatu arte itxaron behar dute. “Lehiaketa irabazteko hautagaietako batzuk dira”, esan du Garmendiak. Txapeldunen Liga jokatzetik datoz, lehen fasea gainditu eta Bistritaren aurka kanporatuak izan ondoren.
Dunarea Brailak, bestalde, Molde kanporatu zuen joaneko partidan gol batengatik galdu arren, baina Errumanian irauli zuen kanporaketa (33-24). Azkenik, Larvik talde historikoa da, Bera Berak 2013-2014ko Txapeldunen Ligan arerio izan zuena. Norvegiako ligako liderra da egun, eta Frantziako bi talde kanporatuta iritsi dira multzoen ligaxkara: Niza (60-61) eta St Amand (56-49).

