FIFAk baztertu egin du 2030eko Munduko Futbol Koparako Bilbo-Donostia hautagaitza bateratua
Jon Insausti alkatea kritiko agertu da erabakiarekin: "Prozesu honen diskrezioa, zorroztasuna eta profesionaltasuna eskatzen ditugu, FIFAk bere erantzunean izan ez duena, hain zuzen ere".
FIFA erakundearen ordezkariak, Anoetako berdegunean.Espainiako Futbol Federazioa Donostiako Udalak jakinarazi duenez, FIFA erakundeak ez du onartu 2030eko Munduko Futbol Koparako Bilboren eta Donostiaren arteko hautagaitza bateratua. Erabaki horren arrazoiak Rafael Louzan Espainiako Futbol Federazioko presidenteak eman ditu, ekitaldi batean: “Bi estadio dituen egoitza bakarra egotea eskatzen zen, eta FIFAk, une honetan, ezetz dio, EAEn bi egoitza daudela, beraz, orain haiei dagokie erabakitzea. Orain, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako alkateari dagokie hemen zer paper izan nahi duten erabakitzea”.
Horren aurrean, Jon Insausti alkateak hautagaitza bateratua baztertu izanaren balorazioa plazaratu du. “Orain, jaso berri dugun dokumentua aztertu behar dugu. Informazio garrantzitsua da Donostiak hiriarentzat erabakirik onena har dezan. Eskura dugun dokumentazio guztiarekin batera hartuko dugu kontuan”, adierazi du. Horrekin batera, kritiko agertu da FIFAk hartu duen erabakiarekin: “Prozesu honen diskrezioa, zorroztasuna eta profesionaltasuna eskatzen ditugu, FIFAk bere erantzunean izan ez duena, hain zuzen ere”.
Gogoratu behar da azaroaren hasieran, FIFAko ordezkaritza batek Donostia eta Anoeta estadioa bisitatu zituen. Udal teknikariekin eta Realeko ordezkariekin izan ziren, estadioan bertan. Besteak beste, azpiegitura, segurtasuna, ostatu hartzeko aukerak eta garraioa izan zuten hizpide. Dena dela, FIFAk ez zion inolako aipamenik egin euskal erakundeek pasa den udan helarazi zieten hautagaitza bateratuari.

