FIFAk Anoeta bisitatu du, egoitza bateratuaren proposamenari aipamenik egin gabe
FIFA erakundearen ordezkariak, Anoetako berdegunean.Espainiako Futbol Federazioa 2030eko gizonezkoen Munduko Futbol Kopako partidak hartu ditzaketen hiriak bisitatzen ari da FIFA erakundea, eta atzo ordezkaritza bat Donostian izan zen. Zehazki, hiriak eta Anoeta futbol zelaiak txapelketako partidak hartzeko duen gaitasunari buruzko ebaluazio teknikoa egitera etorri ziren. Gogoratu behar da Espainiak, Portugalek eta Marokok antolatuko dutela txapelketa.
Goizetik arratsaldera bitarte, Anoeta estadioan elkartu ziren FIFAko ordezkariak udal teknikariekin eta Realeko ordezkariekin. Besteak beste, azpiegitura, segurtasuna, ostatu hartzeko aukerak eta garraioa izan zuten hizpide. Dena dela, FIFAk ez zion inolako aipamenik egin euskal erakundeek pasa den udan helarazi zieten Bilbo-Donostia egoitza bateratuari buruz.
Mundialaren Aurkako Eguna
Astelehenean, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak Mundialaren Aurkako Eguna iragarri zuen, abenduaren 5erako antolatu dutena: “Munduko Futbol Kopa hartzeari uko egitea herritarren ongizatea interes pribatuen gainetik jartzea litzateke. Abenduaren 5ean Mundialaren Aurkako Eguna antolatuko dugu, haren ondorioak aztertzeko eta kalean adierazteko Donostian uko egin behar diogula, turistifikazioa areagotzeko arrisku larria dakarrelako”. Laster iragarriko dute egun horretako egitaraua.

