Mundialaren Aurkako Eguna antolatu dute Donostian: «Uko egitea irabaztea da»
Bizilagunekin plataformak 2030eko Munduko Futbol Kopa Donostian jokatzearen aurka sortutako irudia-Bizilagunekin FIFA erakundea 2030eko gizonezkoen Munduko Futbol Kopako (Espainiak, Portugalek eta Marokok antolatuko dute) partidak hartu ditzaketen hiriak bisitatzen ari da asteotan, tartean, Donostia. Horren harira, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak iragarri du Mundialaren Aurkako Eguna antolatu duela hirian abenduaren 5erako (larunbata): “Munduko Futbol Kopa hartzeari uko egitea herritarren ongizatea interes pribatuen gainetik jartzea litzateke. Abenduaren 5ean Mundialaren Aurkako Eguna antolatuko dugu, haren ondorioak aztertzeko eta kalean adierazteko Donostian uko egin behar diogula, turistifikazioa areagotzeko arrisku larria dakarrelako”. Laster iragarriko dute egun horretako egitaraua.
Uda honetan jokatutako txapelketa ekarri dute hizpidera Bizilagunekinekoek, horren harira: “Milioika pertsonaren arreta erakarri du. Baina beste errealitate bat utzi du agerian: gastu publiko handia, gentrifikazioa, arrazakeria, herritarren eskubideen inguruko salaketak eta FIFAren interes ilunen gaineko eztabaida. Festa amaitu da, baina ajeak hor dirau”. Horrela, “Donostian, 2030ean egoitza izateko arriskuan gaudenez, arretaz begiratu behar genioke”, ohartarazi dute.
AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatu da aurtengo Munduko Futbol Kopa, eta herrialde horietan ere mobilizazioak eta bestelako gertakari esanguratsuak egon direla nabarmendu dute: “Mexiko Hirian, kalera atera ziren hainbat herri mugimendu etxebizitzen garestitzea eta bizilagunen desplazamendua salatzeko. Kanadan, Torontoko udal kontu-ikuskaritzak argitaratutako txostenak gardentasunaren, gastuen kontrolaren eta erabakiak hartzeko prozeduren inguruko gabeziak identifikatu zituen. AEBetan, berriz, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu zuten, praktika autoritarioek, immigrazio politika bortitzek eta diskriminazioak giza eskubideen nazioarteko arauak urratzeko arriskua areagotzen zutela”.
Gertakari horiek “kezka komun bat” erakusten dutela gaineratu du plataformak: “Noren interesak lehenesten dira horrelakoetan?”. “Donostia 2030eko Munduko Koparen egoitza izateko hautagaitza aurkeztu zenetik, Bizilagunekin plataformatik ohartarazi dugu ekitaldiak turistifikazioaren ondorio kaltegarriak areagotzeko arriskua duela. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, espazio publikoaren merkantilizazioa, masifikazioa eta hiriaren eguneroko bizitzaren baldintzapena ez dira etorkizuneko hipotesiak. Hirian bizi ditugun arazoak dira, eta Munduko Futbol Kopak areagotu ditzake”.

