Insausti, topoaren irekierarekin pozik: «Ospa dezagun Donostiako historiaren atal berri hau»
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak bando bidez ospatu du topoaren lurpeko pasabide berria azaroaren 21ean jarriko dutela martxan.
Atzera egin du Jon Insausti alkateak topoaren igarobidearen mugarria azaltzeko: 1″864ko abuztuaren 14an iritsi zen trena Donostiara. Urte horretan bertan, hiria harresiak eraisten hasi zen, harresietatik haratago hazteko prestatzen ari zen. Trenak bizitzeko, lan egiteko eta salerosteko modu berriak ekarri zituen”.
“Mende erdi geroago, 1912ko abenduaren 5ean, Peñaflorida kaletik Irun aldera irten zen trena eta topoa izena jarri genion. Mende bat baino gehiago geroago, Donostiak hiri baten norabidea markatzen duten mugarri horietakoa biziko du berriro”.
Larunbatean, martxan
Donostiako Topoaren lurpeko pasabide berria azaroaren 21ean jarriko dute martxan. Egun horretan irekiko dituzte Bentaberri, Kontxa-Zentroa eta Amarako geltoki berriak, eta trenak zazpi minutu eta erdian behin ibiliko dira Añorga eta Pasaia artean. Azpiegitura berriari esker, trenak hiriguneko erdigunea zeharkatuko du lurpetik, eta hiriko auzoen arteko lotura eta garraioa hobetuko dira.
Udalaren arabera, proiektuak hiriko mugikortasuna eraldatuko du, Donostia “irisgarriagoa eta jasangarriagoa” egiteko bidean. Erakundeak nabarmendu duenez, hobekuntzak egunerokoan nabarituko dira, besteak beste, lanera edo ikastetxera joateko denboran eta hiriko alde batetik bestera mugitzeko erraztasunean. “Tren obra bat baino askoz gehiago estreinatzen dugu”, adierazi du udalak oharrean, auzoak elkartzeko eta donostiarren arteko harremanak sustatzeko aukera gisa aurkeztuz azpiegitura berria.
Bestalde, udalak eskerrak eman dizkie proiektua gauzatzeko lan egin duten guztiei, bereziki obrek iraun duten bitartean zarata, hautsa eta bestelako eragozpenak jasan dituzten bizilagunei eta saltokiei. Halaber, geltoki berriak ezagutzera eta Topoaren zerbitzu berria erabiltzera gonbidatu ditu herritarrak. “Azaroaren 21ean Topo berri bat estreinatuko dugu eta, horrekin, hiri batuago eta etorkizunerako hobeto prestatutako baterantz pausoa emango dugu”, adierazi du Insaustik.

