Ander Cepas munduko txapeldunorde, binakakoan
Ander Cepas donostiarra, zilarrezko dominarekin.BAT Basque Team Atzo bukatu zen Tailandian mahai tenis egokituko Munduko Txapelketa, 334 jokalariren parte hartzearekin; tartean, Ander Cepas donostiarra. Banakako lehian final-laurdenetaraino iritsi ostean, binakakoan, zilarrezko domina eskuratu zuen Juan Bautista Perezekin batera, final estuan Ukrainaren kontra galdu ostean.
Pattaya Exhibition and Convention Hallen jokaturikoa mugarri izan da mugimendu paralinpikoarentzat, genero berdintasun absolutua izan duen diziplinako lehen Munduko Txapelketa izan delako: 167 emakume eta 167 gizon lehiatu ziren zazpi egunetan, eta 37 titulu banatu zituzten.
2024ko Parisko Paralinpiar Jokoetan brontzezko domina banakakoan irabazi ondoren, Cepas nazioarteko lau txapelketa irabazita iritsi zen Tailandiara: Lignano eta Sao Paulo, Taipei eta Yvelines. Aurtengoa izan da bere bigarren Munduko Txapelketa. Lehenengoan, 2022an Granadan jokatutakoan, final-laurdenetara iritsi zen banakakoan eta binakakoan.
Tailandian ere, banakakoan final-laurdenetaraino iritsi zen. Bederatzi klaseko hamasei onenen kanporaketan 3-0 irabazi zion Ivan Mai ukrainarrari, baina hurrengo fasean, final-laurdenetan, ezin izan zuen Koyo Iwabuchi japoniarra gainditu, eta 0-3ko emaitzarekin galdu zuen.
Binakakoari dagokionez, Cepasek eta Perezek batera irabazi dituzte aurten Costa Brava, aão Paulo eta Taipeiko 18 klaseko gizonezkoen taldekako lehiak, eta irailean zilarra lortu zuten Yvelinesen. Horrela, kiniela guztietan euren izenak agertzen ziren bikoteetako borroka irabazteko.
Hamasei onenen kanporaketan 3-0 irabazi zuten (5-11,5-11, 9-11) Emil Andersson eta Sam Gustafsson suediarren aurka. Final-laurdenetan emaitza beragatik azpiratu zituzten, 3-0 (3-11, 8-11, 9-11), Laurens Devos eta Marc Ledoux belgikar indartsuak. Finalerdietan indarrak neurtu behar izan zituzten Hayuma Abe eta Koyo Iwabuchi japoniarrekin, eta 3-1 gainditu zituzten (11-7, 5-11, 7-11, 8-11). Finalean, Lev Kats eta Ivan Mai ukrainarren aurka jokatzea egokitu zitzaien. Bikote biek borroka gogorra izan zuten, baina azkenean lehia Ukrainiako taldeak irabazi zuen: 3-2 (8-11, 11-7, 11-4, 10-12, 11-8).

