Azken guda dantza?
Filma: ‘MUGURUZA FM 40 TOUR’
Zuzendaria: Ander Merino, Fermin Muguruza ·
Urtea: 2026
Herrialdea: Euskal Herria
Ander Merino Etxebestek eta Fermin Muguruzak zuzenduriko pieza dokumentala irailean aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian, Muguruza inguratu ohi duen zirrara eta emozio leherketa kolektibo betean. Pitt, Morre, Watts, Bloom eta enparauen baimenarekin, honakoa izan zen tokiko publikoa mugiarazi zuen fenomenoa. Izan ere, agindutakoa bete, eta azken guda dantza-rako abagunea ekarri zuen alfonbra gorrira irundarrak.
Lehen aldiz eszenatoki batera igo eta lau hamarkada geroago, Fermin Muguruzak eskala handiko bere azken birari ekin zion 2025ean: 40 urteko musika, konpromiso eta erresistentzia kulturala ospatzeko bidaia kolektiboa. Bada, dokumentalak ibilbide horren pultsua jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi, gaur egungo bakarlari ibilbideraino. Izan ere, oholtza gainean emandako une zirraragarriak baino, filmak azken bira handiaren atzealdea ekartzen du kamera aurrera.
Badira kontzertuak eta badira aro baten amaierak. Muguruza FM 40 Tour biak nahasten dituen dokumentala da. Artxiboko irudien eta gaur egungo biraren arteko elkarrizketan dago indarra, musikaren botere eta dimentsio kolektiboak gailentzen baitira uneoro.
Azken birak munduko hainbat txokotara eramaten du ikuslea, eta agerian uzten du musikak oraindik ere elkartzeko, emozionatzeko eta aldarrikatzeko duen gaitasuna. Emanaldi horietan dago, hain zuzen ere, filmaren indargunea: oholtza gaineko energia, publikoaren erantzuna eta talde osoaren indarra dira dokumentalaren unerik bizi eta erakargarrienak.
Bestalde, dokumentalak badu saihestu ezin duen arrisku bat: protagonistaren pisu historikoak berak filma irensten duela, tarteka. Hurbileko begirada izanik, filmak ez du protagonistarekiko distantzia handirik hartzen; oroimenaren eta ospakizunaren alde egiten du, eta horrek, aldi berean, bere muga bihurtzen du. Komeni da, ordea, ulertzea horixe bera dela lanaren izaera: ez kanpotik egindako biografia, baizik eta barrutik sortutako begirada bat.
Azken batean, Muguruza FM 40 Tour agur baten kontakizuna da. Baina hori baino gehiago ere bai: lau hamarkadako ibilbideari azken bira ematen dion artista baten eta haren inguruan eraikitako komunitatearen erretratua da. Eta horixe da, hain zuzen ere, dokumentalaren ekarpenik esanguratsuena: memoria kolektiboaren, musikaren eta denboraren arteko lotura ezartzea; amaieraz hitz egitea, artistaren arrastoa ezabaezina dela erakusten duen bitartean. Musika amaitzen denean ere, mezuak bizirik jarraitzen duelako.

