«Ez dugu atzerapausorik onartuko; erresistentziarako prest gaude»
Garaiko erronkez, indarkeria estrukturalaz eta autodefentsa feministaz aritu da Elene Lopetegi (Intxaurrondo, 1995), Donostiako Asanblada Feministako eta Bilgune Feministako kidea. 19:00etan irtengo da Euskal Herriko Mugimendu Feminista manifestazioan, Bulebarretik.
Elene Lopetegi.Joseba Parron San Sebastian Azaroaren 25a ate joka dugu. Zein izango da Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo mobilizazioetan plazaratuko duen mezu nagusia?
Euskal Herriko eta Donostiako mugimendu feministatik hainbat aldarri jarri nahi ditugu mahai gainean. Leloak ondo esaten duen moduan, Ez ginen atzera egiteko jaio eta Faxismoari feminismoz erantzun; uste dut horrek ezin hobeto adierazten duela gure mezua. Ez ditugu onartuko hainbat mugimendutatik bultzatu nahi diren atzerapausoak; erresistentziarako eta aurrera egiteko prest gaude.
Indarkeria fisikotik harago, indarkeria estrukturala (zaintza eredu prekarizatua, arrazakeria…) salatu ohi duzue. Nola elikatzen du egungo sistema kapitalista eta patriarkalak emakumeen* aurkako indarkeria?
Gure irakurketa argia da: gaur egun, sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak bere makineria guztia du martxan, eta etengabe berrasmatzen ari da. Sistema horrek gorputz zehatz batzuk kolpatzen ditu gehien: emakumeak, sexu eta genero disidenteak eta kide migratu zein arrazializatuak.
Egun honen bueltan, erakunde publikoek ere euren kanpainak abiarazten dituzte. Zer desberdintasun dago mugimendu feministaren irakurketaren eta diskurtso instituzional horien artean?
Mugimendu feministaren eta instituzioen irakurketek ez dute zerikusirik. Gure eginkizun nagusietako bat erakunde publikoak interpelatzea izan da urte luzez, eta horretan jarraitzen dugu, instituzio askok zuriketa morea egiten jarraitzen dutelako.
Askok feminismoa instituzionalizatu egin dela esaten dute gure aurka egiteko, baina hori ez da hala; mugimendu feministak sekulako potentzial eraldatzailea izaten jarraitzen du. Instituzioak duela hogei urte baino feministagoak badira, gu gure aldarri batzuk betetzea lortzen ari garelako eta feminismoa gizarteko gehiengotara iritsi delako da. Espero dugu noizbait herri honetako instituzioek gure aldarri guztiak betetzea, baina argi utzi nahi dugu diskurtsoen arteko desberdintasunak oso handiak direla oraindik. Interpelazio zuzenak ere egingo ditugu: instituzioak eta sistema sostengatzen duten gizonak behin eta berriz interpelatzen jarraituko dugu.
«Mugimendu feministak sekulako potentzial
eraldatzailea izaten
jarraitzen du»
Diskurtso antifeministak eta eskuin muturraren mezuak indartzen ari dira. Zein da mugimendu feministak oldarraldi horri aurre egiteko daukan erronka nagusia?
Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakadaren aurrean, feminismotik argi utzi nahi dugu ez dugula inongo asmorik atzera egiteko. Eskuin muturra inolako lotsarik gabe mezu argiak bidaltzen ari da: erabateko boterera iristen direnean, eskubide murrizketak zuzenean aipatutako gorputz horien aurkakoak izango direla. Instituzioetan lortu den apur hori ere kolokan eta atzera botatzeko arriskuan ikusten dugu. Baina guk argi utzi nahi dugu ez dugula halakorik onartuko eta borrokarako prest gaudela.
Hau ez da berritasun bat, azken urteetan egiten ari garen bidearen jarraipena baizik. Mugimendu feministak urte luzez egindako lanari esker, aurrerapauso handiak eman ditugu Euskal Herria feministatzeko bidean. Noski, oraindik gauza asko ditugu lortzeke, baina aurrera goaz, pixkanaka.
Mobilizazioetatik harago, zein da indarkeria matxistari egunerokoan aurre egiteko proposatzen duzuen bidea?
Urtero bezala, honi guztiari aurre egiteko, autodefentsa feministaren aldarria egiten jarraituko dugu. Auzoz auzo eta herriz herri saretzen, asanbladak antolatzen, ekimenak prestatzen eta kalean pegadak egiten jarraituko dugu, feminismoa txoko guztietara irits dadin.
Mugimendu feminista gero eta indartsuago dago. Garai hauetan antolatzea eta borrokatzea besterik ez zaigu geratzen, eta halaxe jarraituko dugu, azken urte luzeetan egin dugun moduan.

