Fredrik Gertten zinemagilea etxebizitzaz eta hiri ereduaz arituko da Donostian
Fredrik Gertten zinemagile, ekoizle eta kazetari suediarra.Wikipedia Fredrik Gertten zinemagile, ekoizle eta kazetari suediarra Donostiara etorriko da azaroaren 24tik abenduaren 4ra arte, Manteo Bizirik elkarteak antolatutako zikloan parte hartzeko. Zikloan etxebizitzaz eta hiri ereduaz eztabaidatzeko asmoa dute eta, hala, elkarteak etxebizitza eta hiriaren inguruko eztabaida “adituen esparrutik atera eta herritarrengana hurbiltzea” espero du.
Push dokumentalaren zuzendaria da Gertten, lanak etxebizitza finantza aktibo nola bihurtu den azaltzen du, baita horrek auzoetan bizitzen jarraitu nahi dutenengan zer ondorio dituen ere.
Zikloan dokumentala lau alditan ikusteko aukera egongo da, Principe zinema aretoan, azaroaren 24a eta 26an, eta abenduaren 1a eta 3an; 18:30ean izango dira saio guztiak. Ondoren, solasaldiak egingo dituzte. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte, eta Gerttenen ibilbideari eta lan egiteko moduari buruzko eskola bat ere antolatzeko asmoa dute, oraindik eguna eta lekua zehaztu ez dituzten arren.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila eta Euskal Hiriaren –hirigintzari, lurralde antolamenduari eta jasangarritasunari buruzko eztabaida foroa– laguntzarekin antolatu du donostiar elkarteak foroa. Nazioarteko begirada tokiko eztabaidetan txertatu nahi du zikloaren bidez, tokian tokiko gatazketatik abiatuta.

