Gipuzkoako helduen egoitzen hitzarmena sinatu dute
Gipuzkoako helduen egoitzetako langile batzuk, Donostian, hitzarmena sinatu izana ospatzen.ELA Langileen borroka luzearen ondoren, Gipuzkoako helduen egoitza eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute ostiral honetan (hilak 20), Donostian.
ELA sindikatuak %62,55eko ordezkaritza du sektoreko langileen ordezkaritzan, eta lorpena ospatu du: “2008a geroztik sektore honetan sinatuko den lehen eraginkortasun orokorreko hitzarmena da eta diharduten 5.000 langileri eragingo dio, gehien-gehienak emakumeak. Aurreakordio honek aurrerapauso handia dakar funtsezkoa eta oso feminizatua den sektore honetako lan baldintzen bi gaitz nagusiri errotik egiten diolako aurre: borondatezkoa ez den kontratazio partzialari eta soldata arrakalari”.
ELAk azaldu duenez, 2025-2028ko indarraldia izango du akordioak eta “aho batez” onartu dute. “Orain, greba mugagabean dauden zortzi erresidentzietako asanbladek baieztatu beharko dute”, gaineratu du sindikatuak.
Aurreakordioaren ardatz nagusietako bat lanaldi partzialeko kontratuek eragindako egiturazko prekaritatearen aurkako borroka da, ELAk azaldu duenez: “Testu berriak, lehen aldiz, %75eko gutxieneko lanaldia bermatzen du; horri esker, milaka langilek lanorduak egutegian finkatu eta diru sarrera duinak eskuratu ahal izango dituzte. Era berean, akordioak bertan behera utziko du orain arte langileei inposatzen zitzaien disponibilitatea eta kontratu jaitsiera, lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea erraztuz. Honetaz gain, 60 urtetik gorako langileek %100eko kontratua izateko aukera izango dute”.
LAB sindikatuak ere sinatu du hitzarmena: “Negoziazioan, hasieratik administrazio publikoko langileen lan baldintzen parekatzea defendatu dugu, eta aurreakordioak langile publikoekiko arrakala murrizten du”, nabarmendu du sindikatuak. Halaber, aldarrikatu du “borrokan sinesten dutenen arteko elkarlana eta aliantza indartu” behar dela, “zaintza sistema publikoa lortzeko norabidean aurrerapausoak emate aldera”.

