Irisgarritasuna, mugikortasuna eta mantentze lanen falta salatu dituzte Intxaurrondo Zaharreko bizilagunek
Intxaurrondoko anbulatorioko sarrera. Elkarrekin Podemos Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) bilera irekia egin zuen urriaren 28an, auzokideekin batera auzoaren egungo egoera eta erronkak aztertzeko. Elkarteko kideez gain, hemezortzi bizilagunek parte hartu zuten saioan, eta bertan hitz egindakoaren berri ematen duen oharra helarazi diote IRUTXULOKO HITZAri.
Bileran elkartutakoen ondorio nagusia auzoak “irisgarritasun eta mugikortasun” arazo larriak dituela izan zen, bai oinezkoen auzo barruko joan-etorrietan, baita mugikortasun bertikalean ere. Alor honek berebiziko garrantzia du auzotarren egunerokoan, zerbitzu eta aisialdi gehienak Hego Intxaurrondon edo auzotik kanpo pilatzen baitira. Horren aurrean, oro har, udalaren “abandonu” sentipena dute, bai eremu publikoen mantentze lan eskasagatik bai azken urteotan egindako hobekuntza urriengatik.
Irisgarritasun arazoak Luistarrak-Gaztelu eta Koruko Andra Mari kaleetan “bereziki larriak” direla nabarmendu zuten, eta baita garbiketa eta mantenu falta ere. Horrez gain, zenbait gunetan —hala nola Luistarrak kaleko 6. zenbakiaren inguruan— dagoen argiztapen eskasak kezka sortzen die, “argi faltak segurtasun ezaren sentsazioa areagotzen baitu”.
Horrez gain larrialdi eta osasun zerbitzuetarako sarbideak ere aipatu zituzten. Zenbait etxebizitzatara suhiltzaileek iristeko dituzten baldintzak “penagarriak” direla ohartarazi zuten. Anbulatorioari dagokionez, berriz, eskailerak edo aldapa dira hara iristeko modu bakarra, “zulo” batean baitago. Groseko anbulatoriora joateko, berriz, 31 zenbakidun autobus linea da aukera bakarra, eta Zubiaurre pasealekuko zati batean soilik har daiteke.
Ildo beretik, garraio publikoaren arloan, “konexio zuzen” gehiagoren falta sumatzen dute bizilagunek, baita zerbitzua goizegi amaitzen dela kritikatu ere. Mugikortasuna errazteko, arrapala eta eskailera mekanikoak jartzea proposatu zuten, baita garai bateko auzoko barne-autobusa, Intxaurbus, berreskuratzea ere. Bestalde, ibilgailuak etxetik gertu aparkatzeko dauden zailtasunak ere azaleratu zituzten, bereziki, Morlans-Zarategi eta Intxaurrondo kalearen arteko eremu zabalean.
“Azken urteotan, udalaren jarrera ez da lagungarria izan auzoaren beharrak behar bezala entzuteko eta argi geratu zen auzoko eremu publikoetan utzikeria nabarmena dagoela: udalak gutxi zaintzen du mantentze lana eta hobekuntzak urriak dira”.

