«Jendeak Iran eta Afganistango alfonbrengatik ezagutzen gaitu»
Nerea Agirre eta Alistair Baird senar-emazteek kudeatzen dute Donostiako Parte Zaharreko Nomada denda. Jatorriz 1997an Glasgown sortu bazen ere, 2001. urtetik aurrera Abuztuaren 31 kalean dago. Alfonbra eta 'kilim' tribal eta nomadetan espezializatu dira.
Nerea Agirre, Nomada dendaren arduraduna.Garazi Etxaniz Idarreta Non: Abuztuaren 31 kalea, 24, Donostia.
Telefonoa: 943-42 61 52.
Webgunea: Nomada.biz.
Alfonbra eta ‘kilim’-ak saltzen dituzue, batik bat. Zein da desberdintasuna?
Alfonbrak korapiloen bidez egiten dira, eta gainazalean ile edo felpa moduko geruza bat dute. Kilim-ak ehunduz egiten dira. Teknika kontua da.
Produktuak beste herrialdeetatik ekartzen dituzue. Nolatan?
Granadan ikasten ari nintzela, maitemindu egin nintzen Arabiarekin eta islamiar munduarekin. Ikasi nuena gustatzen ez zitzaidanez, Eskoziara joan nintzen, nire mutila hangoa baita. Bertan ireki nuen lehen denda, Glasgown. 2001ean, Donostiara bueltatzea erabaki genuen, eta denda hona lekualdatu, baina une hartan nire senarra ere batu zen proiektura, nahiz eta bera arkitektoa izan. Eskoziako dendan, produktuak Londresko handizkariei erosten nizkien, baina segituan konturatu nintzen desberdina izan nahi banuen, zuzenean joan behar nuela jatorrizko herrialdeetara.
Nola egiten duzue lan errefuxiatuekin eta bidezko merkataritzako lantegiekin?
Alistairrek alfonbra modernoak diseinatzen ditu programa informatiko berezien bidez, eta gero han ehuntzen dituzte, hona ekartzeko. Alfonbra zaharrak ere bilatzen ditugu guk geuk, batez ere, Turkian eta Iranen; Afganistanera ez gara joaten, baina hango kontaktu batzuei esaten diet zein diseinu edo tributako alfonbrak bilatzen ditudan, eta haiek arduratzen dira aurkitzeaz. Baditugu 200 urte izan ditzaketen alfonbrak ere, nahiz eta gehienek 50-80 urte dituzten.
Zein da zuen bezeroen profila?
Nitxo bat aurkitu dugu, jendeak Iran eta Afganistango alfonbrengatik ezagutzen gaituelako, ezin baitituzte beste inon aurkitu. Gehienbat, tribu eta nomadek egindako alfonbrak lantzen ditugu, geometrikoagoak direnak, eta, esaterako, gazteei asko gustatzen zaizkie.
Jasangarritasunak garrantzi berezia du zuentzat.
Zentzu askotan lantzen dugu jasangarritasuna. Alfonbra zaharrak erostea jada jasangarria da, eta upcycling edo «super birziklatzea» lantzen dugu, produktu zaharrei balio erantsia emanez. Ekoizpen modernoa ere 70-80 urtez irauteko egiten da. Iaz, Gipuzkoako Ganberaren Jasangarritasun saria irabazi genuen.
Nola lortu duzue Parte Zaharrean zuen lekua egitea?
Espezializazioaren bitartez. Sare sozialetan ere oso aktibo egoteak asko lagundu digu. Webgunea berritzen ere bagabiltza, eta, besteak beste, bertan errealitate areagotua eskaintzen dugu, bezeroak nahi duen produktua erosi baino lehen ikus dezan etxean nola geratuko den. Donostian, komunitatea sortzen ere saiatzen gara, erakusketen eta dibulgazioaren bidez. Abenduaren 19ra arte edukiko dugu erakusketa, zeina otoitz egiteko eta meditaziorako alfonbrei buruzkoa izango den.


