Muralak margotzetik haratago, auzoa ere lantzen dute
Martuteneko Erroak Sartu irabazi asmorik gabeko elkarte pribatua da eta gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten du, bazterkeriaren aurka borrokatzen, hainbat arlotan jardunez eta erabiltzaileekin zenbait ikuspegitatik lan eginez.
Ikasleak, Olatu tabernako murala margotzen.Maddi Viana Gizarteratzea eta laneratzea errazteko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu 1988an Donostian sortutako Erroak Sartu elkarteak. Pertsona bakoitzak behar duenera doitzen dira eta hark egin nahi duen ibilbidean laguntzen dute elkarteko kideek. Hiru alorretan egiten dute lan, batez ere: gizarte eta lan inklusioan, prestakuntzan eta enpleguan. Gizarte eta lan inklusioan, lan orientazioaren alorraren helburu nagusia akonpainamendua egitea da: bideratzea, gizarte laguntzako programak garatzea eta abar.
Donostian, Amara Berrin eta Martutenen eskaintzen dituzte zerbitzu horiek –Bizkaia pasealekuan eta 27 Industrialdean, hain zuzen ere–, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere badute akonpainamendu programa bat. Teknikari bat ezartzen diote pertsona bakoitzari, bere bidea eta gizarteratzea lantzeko.
Argi dute gizarteratzea ez dela soilik lan munduan txertatzea, ikuspegi orokorra dute: «Lana soilik landuta, ez duzu ezer lortzen etxebizitzaren, prestakuntzaren edo osasunaren arloetan, ezta maila pertsonalean ere. Alor horiek guztiak ere artatu behar dira», azaldu dute Irati Mañeru eta Alba Aranguren arduradunek.
«Lana eta prestakuntza gure arlo garrantzitsu bat dira» nabarmendu du Mañeruk. Era berean, zenbaitetan, helburua laneratzea izan daitekeela ere argitu du, baina ez beti. Izan ere, esku artean dituzten proiektu askotan, helburua ez da laneratzea, erabiltzaileen bizitzek okerrera ez egitea baizik. Horregatik, ikuspegi orokor bat izatearen garrantzia azpimarratu du zentroko arduradunak.
Prestakuntza eta praktika
Jorratzen duten bigarren arloa prestakuntza da: enplegurako, ahalduntzerako… Baita prelaboralak deitzen dituztenak ere. Horien bitartez, ez dute pertsonek formazio tekniko bat jasotzea helburu; pertsonen gaitasun ezberdinak landu nahi dituzte, ondoren, beste pauso batzuk eman ahal izateko.
Horren adibide dira Intx’apain jaialdian aritu ziren Gazteak programako hamabi kideak: Lauaizeta institutuko ikasleekin batera, horma irudi bat egin zuten Bernart Etxepare plazan. Hasiera batean, pareta prestatzeko joan ziren hamabi gazteak, gero murala egiteko ondo egon zedin. Azkenean, ordea, prozesu osoan parte hartu zuten Gazteak programako kideek.
Bestalde, 27 Industrialdean ere egin dituzte zenbait horma irudi –taldekideen zein irakasleen parte hartzearekin– eta ari dira besteren bat egiten. Olatu tabernan, adibidez, fatxada berritzeaz gain, horma batean Pasaiako porturako sarrera irudikatzen duen murala bukatu dute berriki, olatuak saltoka dituena.
Arangurenek azaldu du auzoa egiteko ere balio duela haien prestakuntza zentroa dagoen industrialdean, Martutenen bertan, muralak egiteak. Aurretik aipatutako tabernan, kasu, egunero bertan lanean egon ondoren, pozarren agurtzen dute elkar ikasleek eta tabernako langileek.
Auzoa egiteko ere balio du haien prestakuntza zentroa dagoen industrialdean, Martutenen bertan, muralak egiteak.
Aipatu moduan, lantzen duten hirugarren arloa enplegua da, eta hainbat enpresekin egiten dute lan, pertsonek bertan praktikak egiteko aukera izan dezaten eta, ahal den neurrian, bertan lanean geratzeko ere.
Ahalduntzea
Emakumeen ahalduntzeari ere garrantzia ematen diote: «Emakume izateagatik dauden karga guztiak ulertzen ditugu; existitzen dira», nabarmendu du Arangurenek. Horrela, Gure Artean taldeak, adibidez, ez du gizarte hezkuntza ibilbide bat egiten, ahalduntze ibilbide bat baizik: topagune bat da.
Gizarte hezkuntza edo formakuntza ibilbidea egiteko, Hazi prelaborala daukate. Talde horrentzako diren ordutegi eta formakuntza motak antolatzeko garaian, emakume zaurgarriek dauzkaten zailtasunak kontuan hartzen dituztela aipatu du Arangurenek: «Ez dira berdinak 18 urteko gazte batek dauzkan ardurak, kezkak edo zailtasunak, edo 45 urteko batek dauzkanak».


