Kontxak, Ondarretak eta Zurriolak Ecoplaya bandera jaso dute, beste urtebetez
Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (ATEGRUS) Ecoplaya bandera eman die berriro ere Donostiako hiru hondartzei.David Vicente Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (ATEGRUS) Ecoplaya bandera eman die berriro ere Donostiako hiru hondartzei —Kontxa, Ondarreta eta Zurriola—. Aitorpen honek itsasertzeko espazioen kudeaketako bikaintasuna saritzen du, eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak urte osoan egiten duen lana azpimarratzen du.
Saria eskuratzeko, ATEGRUSek aurreko denboraldiak erreferentzia gisa hartzen ditu eta hobekuntzak txertatzea eskatzen du. Ebaluatutako alderdien artean daude ingurumen kalitatea, garbitasuna eta kontserbazioa, mantentze sistemen jasangarritasuna, irisgarritasuna, segurtasuna eta hondartzetan dauden zerbitzuak.
Erretzeko debekua eta zarata arautzea
Udalak banderak berritzeko aurkeztutako memoriak hiru ardatz nagusi jaso zituen, eta lehenengoa 2026ko denboraldian aplikatutako Hondartzetako Udal Ordenantzaren berrikuntza izan zen.
Aldaketa nabarmenena hondartzetan erretzeko debekua da, hondakin ohikoenetako bat diren zigarrokinak murrizteko eta espazio garbiagoak zein osasungarriagoak lortzeko helburuarekin. Gainera, ordenantzak zarata sortzen duten gailuen erabilera debekatzen du beste pertsona batzuk molestatzen dituztenean, atseden leku eta aisialdi partekatuko izaera bermatzeko.
Irisgarritasuna eta karabela portugesak
Bigarren ardatza, karabela portugesen presentziaren aurrean udal zerbitzuek emandako erantzuna izan da. Horri aurre egiteko, aleen jagoletza, lokalizazioa, erretiratzea eta garbiketa indartu ziren, bereziki jende gehien pilatzen zen guneetan. Horrekin batera, erabiltzaileei abisatzeko eta gorabeherak prebenitzeko informazioa eta seinaleztapena hobetu ziren.
Hirugarrenik, irisgarritasun unibertsalean egindako urratsak nabarmendu dira. Mugikortasun urriko pertsonek autonomia, erosotasun eta segurtasun handiagoz erabil ditzaten, kabina kolektiboak eta dutxak egokitu dira, pasatako hondartza denboraldi honetan. Ondarretan, gainera, sasoiko ostalaritza zerbitzurako sarbidea hobetu da, terrazaraino arrapala bat eraikiz eta barrarainoko ibilbidea zabalduz.

