'Donostia oinez' estrategia martxan jarri dute
Hainbat pertsona oinez, Donostian.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak pasa den irailean aurkeztu zuen Donostia oinez estrategia. Hain zuzen ere, hirian oinezkoen mugikortasuna eta espazio publikoa hobetzea ditu helburu. Aurkezpenean, martxan jartzeko hainbat urrats egingo zituztela adierazi zuten. Esaterako, jendaurrean aurkeztea. Urrats guztiak eginda, gaur onartu dute Tokiko Gobernu Batzordean.
Estrategiak hiriari buruzko ikuspegi bat planteatzen du, non pertsonek hiri erabakien erdigunea okupatzen duten, irisgarritasuna, bide segurtasuna, ingurumenaren kalitatea eta auzoen arteko lotura hobetzeko jarduerak bultzatuz, baita bizikidetzarako espazio publiko atseginagoak eta erosoagoak sortzeko ere.
Elkartu elkarteak aurkezturiko alegazioetako bat erantsi dute estrategian. Horri esker, “dibertsitate funtzionala duten pertsonak” esamoldearen ordez, “desgaitasuna duten pertsonak” erabiliko dute.


