Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren aurka, kaleak hartzera deitu du Ekialdeko Barrutiko Mugimendu Feministak

a25 Ekialdeko Barrutiko Mugimendu Feministak joan den igandean Altzako frontoian egindako ekintza aldarrikatzailea.Ekialdeko Barrutiko Mugimendu Feminista

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, hilak 25, eta Ekialdeko Barrutiko Mugimendu Feministak ekintza aldarrikatzailea egin zuen horren harira igandean, Altzako San Martzial plazako frontoian. Hain zuzen ere, aurten ere kaleak hartzera deitu zituzten herritarrak, indarkeria matxistaren aurka. Gogoratu behar da Donostiako Asanblada Feministak 19:00etarako deitu duela manifestaziora bihar, Bulebarretik abiatuta.

“Aurten ere, kalean gaude berriro, sumindura kolektibo sakona eragin beharko lukeen errealitate bat salatzeko: emakumeen eta neskatoen aurka indarkeria fisikoak, psikologikoak eta emozionalak egiten jarraitzea; sexu abusuak mantentzea eta hilketa matxistak irautea”, salatu zuten Ekialdeko Barrutiko Mugimendu Feministako kideek.

Era berean, gizarteak “atzerakada garaiak” bizi dituela ohartarazi zuten, “non hainbat talde kontserbadore eta antidemokratikok indarkeria horien existentzia ukatzen duten, jasaten dituzten erasoen erantzukizuna emakumeei beraiei egozten dieten eta erakundeen baliabide eskasak desegitearekin mehatxatzen duten”. “Nazkatuta gaude indarkeria matxistak jasateaz, baina ez gaituzte isilduko. Ahotsa altxatzen eta publikoki salatzen jarraituko dugu, ez dela erabateko demokraziarik egongo emakumeen aurkako indarkeriak dirauen bitartean”, gaineratu zuten, ildo beretik.

Igandeko ekitaldia baliatu zuten, halaber, “indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume guztien aldeko omenaldia, memoria ariketa eta erreparazio keinua” egiteko: “Horiei guztiei, gure aitortza, elkartasuna eta konpromisoa. Bizirik eta indarkeriarik gabe jarraitu nahi dugu! Lotsak, beldurrak eta erruak bandoz aldatu behar dute!”.

HITZAkide HITZAkide