Etxegabetzea

Udalak dio «beharrezkoak diren baliabide guztiak aktibatzeko» agindu dutela Amara Berriko familiarentzat

Donostiako Udalak jakinarazi du "okupatuta" bizi zela Amara Berriko familia, eta horregatik ez zutela kaleratzearen berri. Edonola ere, ziurtatu dutenez, alternatiba bat eskaintzeko agindu du Insaustik.

Donostiako Isabel II. kaleko 21. zenbakian gaur goizerako programatuta zegoen etxegabetzea bertan behera utzi dute epaitegiek, batzorde judizialak etxebizitzan bi adingabe zeudela egiaztatu ostean. Etxebizitza Sindikatuko 200 bat kide inguru bertaratu dira etxegabetzea eragozteko, eta Ertzaintzarekin tentsio uneak eta liskarrak izan dira goizean.

Donostiako Udalak emandako informazioaren arabera, etxebizitzan magrebtar jatorriko bikote bat bizi da, bere ardurapean bi adingabe dituena. Udalaren arabera, familiak komunitateko atezain etxea legez kanpo okupatu du. Epaitegiak etxebizitza husteko agindua emana zuen, baina batzorde judizialak prozedura geldiarazi du, bertan zeuden bi adingabeak ikusi ondoren.

Udalak azaldu duenez, etxegabetze prozeduretan epaitegiek informazioa helarazten diote normalean, maizterren zaurgarritasun egoerari buruzko txostena egin ahal izateko. Legez kanpoko okupazioen kasuan, ordea, ez du informazio hori jasotzen. Hori dela eta, gaur arte ez zuen familiarekin harremanik izan.

Udalak jakinarazi du kasuaren berri izan bezain laster jarri dela harremanetan familiarekin, eta gaur goizean bertan egin duela haren zaurgarritasun txostena. Dokumentua familiaren esku dago dagoeneko, epaitegian aurkez dezan, eta epaileak hartu beharko du behin betiko erabakia.

Bestalde, Jon Insausti Donostiako alkateak Gizarte Ekintza Sailari agindu dio adingabe kalteberei estaldura eta babes osoa bermatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak aktibatzeko.

Udalak berretsi egin du ez duela adingabeak dituen familiarik kalean utzi nahi, baina gaia “politikoki” ez erabiltzeko eskatu die, inplizituko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideei: “Udalak inplikatutako alde guztiei seriotasuna, errespetua eta zorroztasuna eskatu die horrelako kasuak jorratzeko orduan. Dei berezia egiten du adingabeen zaurgarritasun egoera helburu alderdikoiekin edo politikoekin ez erabiltzeko”.

HITZAkide HITZAkide