AZAROAREN 25A

Aliantzak eta autodefentsa feminista aldarrikatu dituzte beste behin, «askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde»

Ehunka lagunek bat egin dute mugimendu feministak antolatutako mobilizazioarekin.

Euskal Herriko mugimendu feministak eta Donostiako Asanblada Feministak deituta, ehunka lagun atera dira kalera asteazken iluntzean Donostian, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Azaroaren 25a nahiko iluna da esanahiez, baina eguraldiak ez du azken aldian gehiegi laguntzen protesta eta aldarrikapen egun honetan. Euria eta haizea zakar aritu dira arratsalde osoan, zenbaitetan ibiltzea kontatzeraino,; baina horrek ez ditu manifestariak gelditu. Emakumeak erailtzen dituen sistema baten aurrean, nagikeria ez delako aukera. “Gero esango dute egungo borrokek ez dutela epikarik”, esan du lehen zuzena amaituta jada euri jasak hartua zuen lankide batek. Badute. Gaur kalera irten direnak ikusi besterik ez dago. Blai, baina etsi gabe; aurrera. Beste urte batez, kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasi ozenez betetzen.

Emakumeen Etxeko batukadako kideak alde bietan jarrita abiatu da Bulebarretik mobilizazioa. Bizkarrean maskara zuri eta mota honetako esaldi bana: Ez da kasu isolatua, patriarkatua da, Lotsak aldez aldatu behar du, Hezi zure semea balio feministetan edota Isiltzen bazara konplizea zara. Atzerago bigarren pankarta bat ere bazen, Misoginia eta transfobiaren aurrean, autodefentsa feminista zioena. Haizearen kontra lortu dute bidea egitea, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Okendo kalea eta Bulebarrean barren joanez. Kaleak oihuz bete dituzte eta begira zeuden gutxiei espaloia utzi, eta errepidean haiei batzera dei egin diete. Askatasunaren hiribidea eta Okendo kalearen arteko bidegurutzean, aurpegia estalita zuten hiru lagunek beste pankarta bat atera dute ke beltza botatzen zuen pote bat zabaltzearekin batera. Txalo egin diete manifestariek aurretik pasatzean. 

Okendo kalean batu zaizkie berriro batukada, eta haren doinuak lagun izan dituzte azken zuzenean. Buruan jarrita abiapuntura itzuli dira manifestariak. Han, kioskora igo dira Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurrean, feminismoa lelodun pankartari indartsu eutsi dioten emakumezkoak eta mugimendu feministak prestatuko irakurketa partekatu dute. Idatzia euskara irakurri duen Elene Lopetegiren lehen hitzak jada ez daudenak gogoratzeko izan dira; Euskal Herrian eraildako bost emakumeak: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Euskal Herriko mugimendu feministak besarkada bana bidali die haien senide eta lagunei, honako hitzekin batera: “Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko zaituztegu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako”.

Ez dituzte ahaztu ere munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltza emakume* eta sexu-genero disidente guztiak, eta aipamen berezia egin diote Palestinari, genozidioarekin amaitzea eskatuz.

Bide horretan, Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n herriz-herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia “sustatzeko eta indartzeko” deia egin dute; indarkeria matxistari aurre egiteko “urrats bat gehiago” izan dadin, “instituzioei ardura har dezaten exijitzearekin batera”.

Garai zailak

“Ez dira garai errazak”, eta horren isla diren zenbait adibide eman ditu Lopetegik. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak emakumeak*, migratu eta arrazializatuak, eta sexu-genero disidenteak kolpatzen dituela gero eta ageriago gauzatzen ari da faxismoan, eskuin muturrean nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen “jarrera eta diskurtso erreakzionarioetan”. Halaber, beste behin baieztatu dute ez dutela feminismoaren “instrumentalizazioa” onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko, diskurtso arrazistak zabaltzeko edo emakumezkoen segurtasunaren izenean polizia gehiago behar dela defendatzeko.”Kontrara, justizia feminista berretsi eta autodefentsa feministaren aldeko hautua egiten jarraituko dugu”.  

Donostiara etorrita, emakumeek* baldintza materialetan jasaten duten arrakalari buruzko datuak eman dituzte: DSBEaren hartzaileen %59,3 emakumezkoak dira, eta, 2022an, 65 urtetik gorakoen artean, pobrezia egoeran zeuden emakumezkoak gizonezkoak baino bi aldiz gehiago ziren. EAEn, batez besteko erretiro pentsioa, hilean, gizonezkoena baino 704 euro txikiagoa da.

Autodefentsa eta aliantzak

“Gaur, azaroaren 25ean, Euskal Herri osoan indarkeria matxistaren aurka kaleak hartu ditugu. Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekeenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean”.

“Aliantzak egin, antolatzeko” garaia dela aldarrikatu du mugimendu feministak, askotariko subjektu eta borroken aitortzatik borrokari ekitekoa. Jomugan jarri dituzte indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten erakundeak, anaidia sostengatzen ari diren gizonezkoak eta antifeminismoa antolatzen ari direnak. Haien aurka antolatuko dira “askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde”, faxismoari feminismoz erantzunez. 

Hona, Joseba Parron San Sebastianek manifestazioan egindako zenbait argazki:

HITZAkide HITZAkide