Donostiako Udalak indarkeria matxistaren aurrean herritarren konpromisoa eskatu du
Udaleko talde politiko guztiek babestu dute Azaroaren 25eko adierazpena. Donostiako Udala Donostiako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du azaroaren 25aren harira, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa dela eta gizarte osoari eragiten diola gogorarazi du. Horren aurrean, erakundeek, gizarte eragileek eta herritarrek konpromiso aktiboa hartu behar dutela nabarmendu du.
Udalak herritarrak gaitzespen hutsetik harago joatera eta indarkeria matxistaren aurrean jardutera deitu ditu. Besteak beste, emakumeek laguntza behar dutenean babestea, jokabide misoginoak salatzea, diskurtso matxisten aurrean isiltasuna haustea eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea eskatu du. Adierazi duenez, indarkeria matxistaren aurrean “ez dago neutraltasunik, eta axolagabekeriak zein isiltasunak ondorioak dituzte”.
Donostiako Udalak, bere konpromisoen artean, sentsibilizazio kanpainak egitea, indarkeria matxistaren aurrean erantzun publikoak eta herritarren mobilizazioak antolatzea, salaketak eta alertak bideratzea eta haur zein nerabeentzako hezkidetza programak garatzea jasotzen ditu. Halaber, herritarren sareak aktibatzea eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzea proposatu du. Azkenik, azaroaren 25ean Donostian deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.
Hona hemen adosturiko sei puntuak:
1. Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
2. Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
3. Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
4. Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
5. Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko/antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
6. Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, Donostian deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.


