«Egoera mugakoago bihurtzen den heinean, ikusleak espero ez zituen aldaketak ikusten ditu»
Vidania Teatrok '7 urte' antzezlana dakar Antzoki Zaharrera. Iñigo Gastesi aurpegi ezagunez osatutako aktore taldeko kide eta antzezlanaren ekoizle da. Emanaldi bakarra dute, larunbatean, hilak 28, 19:30ean.
Iñigo Gastesi donostiarra da antzezlaneko aktoreetako bat eta ekoizlea.Miguel Arrospide ‘7 urteLau bazkide, bitartekari bat eta delitu fiskalaren zigorra nork jakingo duen erabaki beharra. Hori da Zazpi urte obraren abiapuntua.
Lau bazkideetako batek jasan behar du errua, zazpi urte kartzelan pasa, eta enpresa salbatu. Hori da abiapuntua, bai; baina interesgarriena muga egoera batean gizakiak zer jarrera dituen ikustea da. Eta nola aurreikusten duen bakoitzak. Pertsonaiak oso argi markatuak daude eta egoera mugakoago bihurtzen den heinean, ikusleak espero ez zituen aldaketak ikusten ditu bakoitzaren jarreran eta ekintzetan. Giza gai asko ikusten da: traizioa, engainua, emakume botere postuetan… Erritmoa oso bizia da, esaldiak oso argiak eta motzak. Beraz, alde batetik, thriller erritmoa dugu, hasieratik kako hori, eta bestetik, esandako horrek guztiak ikusleei sortzen dizkien galderak.
Pertsonaiak oso bestelakoak dira elkarren artean, nolakoak dira?
Bazkide bakoitzak arlo berezi bat darama enpresa barruan: Carlos, nire pertsonaia, komertziala da; Luis informatikaria da eta pixka bat jeinua, bere garaian ideia teknologikoki indartsua izan zuena; Bego, zenbakiak, finantza arduraduna da; eta Martxel, estratega, kudeatzailea, CEOa. Argi ikusten da bakoitzaren nortasuna eta zeinen ondo egokitzen zaion bere zeregina enpresa barruan; baina, gero, gauzak aldatzen doaz…
Bakoitzak bere modura kudeatuko du egoera eta hor sortuko da galdera: norbera noraino iristeko prest dagoen bere burua salbatzeko.
Noski. Uste dut automatikoki jartzen garela beraien lekuan; mugako egoera batean zer egiteko gai ginateke lagun minarekin edo orain arte familia zela pentsatzen genuenarekin… Pertsonaiek luze daramate elkarrekin lanean, bazkideak dira, ez dira familia baina egunero ordu pila pasatzen dituzte elkarrekin, konfiantza dute, batak bestearen sekretuak dakizki… Bat eginda daude, baina dena zurrunbiloan sartzen da, baina…
Zuzeneko musika ere badu.
Bai. Ez dut asko hitz egin nahi sorpresa izan dadin. Ez dago asko, baina dagoenean oso garrantzitsua da.
Aktore izateaz gain, ekoizle ere bazara. Zergatik erabaki zenuen film batean oinarritutako obra hau eszenaratzea?
Vidania Films zinema ekoiztetxea da, baina aktore gisa oholtzara igotzeko beharra dut. Kasualitatez topatu nuen kristoren gidoi polit bat, kroaziarra, eta hori izan zen Vidania Teatroren abiapuntua: Agurra antzezlana. Hortik aurrera dena izan da ikasketa. Eta burua beti honetan, nahiz eta neska lagunarekin afaltzen aritu eta pelikula bat jarri Netflix-en. Ze hori da gertatu zena. Pelikula ikusi eta esan nuen: “Ostras, hau oholtzara eramateko oso aproposa da. Ondo pasatzeko aktoreok oholtza gainean eta ikusleek ere”. Gero, pixka bat irakurtzen ibili nintzen eta ikusi nuen antzezlana bazela. Hortik aurrera etorri ziren ekoizle lan guztiak: eskubideak lortu, finantzazioa… Lehen minututik mundu guztia aurrera eta bultzatzen, gogotsu. Uste dut hori atzematen dela.
Eszenario gainean erabat ahazten al zara gainerako ardurez?
Hasi baino lehen lan guztia egin dut, baina gero logistika aldetik, ekoizpen exekutiboan Alex Altuna ibili da. Horrek laguntzen dit bereizten eta argi edukitzen zein momentutan naizen zein. Emanaldia daukagun lehen minututik aktore sentitzen naiz eta aktore gisa egiten dut lana. Eta garrantzi handia ematen diot, lehen antzezlanean bazeuden momentu batzuk dena nintzena aldi berean, eta hori artistikoki nabaritzen da.
Aktore taldea ezaguna izatea ere lagungarria izango da…
Dorleta aspalditik ezagutzen dut, nire lehenengo antzezlanaren zuzendaria izan zen, haur antzezlana, Deabruak izenekoa, aspaldi. Aitor Beltran nire anaiaren oso laguna da, eta zeharka, nirea ere aspalditik. Elkarrekin lan egin dugu film labur batean eta Argi Gorriak telesailean. Kandido Uranga Agurra antzezlanean ezagutu nuen eta oso erlazio polita garatu dugu. Antzezlanean nire aita zen eta aktore lanean ere bai. Kasu asko egiten diot berak esaten didanari, oso gertuko erlazioa dugu, oso-oso polita. Agurtzane Intxaurragarekin, berdin. Berarekin hasi nintzen Agurra antzezlanean eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Emakume zoragarria da, ez dut inoiz ezagutu horren borondate oneko emakumerik, langilea, bihotz erraldoia… Eta Jon Olivares Zinemaldian ezagutu nuen bere garaian; batera aritu gara lanean azkenaldian, Zazpi urte-n eta orain estreinatu den Infamia telesailean ere.
Urtarrila amaieran hasi zenuten bira. Zer moduzko harrera izan du obrak?
Oso ondo. Lau emanaldi egin genituen eta gero gelditu behar izan genuen, taldeko bat aita izan zelako. Hasi ginenetik bagenekien. Harrera oso ona izan zuen, uste dut Agurtzanek eman dion narratibarekin jendeak sorpresa eramaten duela; ze, bai, gaia nahiko komertziala da edo egunerokoa, baina badu mugimendu fisiko berezi edo narratiba teatral berezi bat. Nahasketa horrek are interesgarriagoa egiten du. Basaurin hasi ginen, antzoki handia, gero, Bermeora joan ginen eta oso-oso txikia da. Eta bi espazio horietan oso ondo. Azkoitian eta Lazkaon ere oso ondo. Nabaritzen da. Aktoreok badakigu isiltasuna entzuten.
Zuzenekoa da erantzuna, ezta?
Bai. Ikusleak beti isilik egongo dira errespetuagatik, baina nabaritzen da. Badakigu, entzuten. Pixka bat kontraesankorra da.
Hurrengoa, bihar, Antzoki Zaharrean duzue. Berezia al da?
Bai. Oso berezia. Espero dut etxeko jendea joatea, espero dut jendeak gozatzea. Guretzat oso berezia da, aktore donostiar edo Donostian bizi garenak gara ia denak. Eta Antzoki Zaharra ezagutzen dugunak. Asko gustatzen zaigun antzokia da.
Zergatik ez lukete hutsik egin behar IRUTXULOKO HITZAko irakurleek?
Zoritxarrez iruzur fiskala oraindik hemen dago, eta oso eguneroko gaia da, baina horretaz gain beste gauza interesgarri batzuk ikusiko dituzte, giza jarrera aldetik: maitasuna, traizioa, anbizioa… egoera limite batean. Eta ikusiko ditugu giza jarrerak nola aldatzen doazen mugako egoera hori areagotzen doan heinean.


