Mugikortasuna

«Errekalde ere Donostia da, erakundeei etengabe ahazten zaiela dirudien arren»

Errekalde_topoa Añorgako Errekalde auzuneko topo geltokia.Artxiboko irudia

Pasa den larunbatean, hilaren 21ean, martxan jarri zuten Donostiako lurpeko topoaren igarobidea. Hiru geltoki berrirekin batera, hiriko geltokietako trenen maiztasuna 7,5 minutukoa dela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak. Ordea, hori Donostiako geraleku guztietan gertatzen ez dela salatu dute Añorgako Errekalde auzuneko bizilagunek. 

Aipaturiko maiztasuna Añorga eta Pasaia artekoa da, hiriko geltoki bat kanpoan utzita: Errekaldekoa. “Orain arte, Errekaldeko bizilagunok topoa genuen gure auzoan ondo funtzionatzen zuen zerbitzu publiko gisa, minutu gutxian erdigunera iristeko aukera ematen zigun bakarra baitzen. Nola ez, asko pozten gara sarea zabalduz beste auzo batzuetako bizilagunei garraio publikoa erabiltzeko aukera errazteaz, nahiz eta horrek gure eguneroko joan-etorria luzatzea ekarri duen. Ulertzen ez duguna, ordea, maiztasun berri horren hobekuntzatik kanpo geratu garen donostiar bakarrak izatea da”, deitoratu dute.

Errekaldeko bizilagunak hainbatetan jarri dira Euskotren trenbide sarea kudeatzen duen Garraio Sailarekin, haien zerbitzuaren maiztasuna hobetu dezaten eskatzeko. Ordea, “beti” erantzun bera jaso dutela diote: “Etorkizunean”. Egoera horrekin, eta beste askorekin haserre daude: “Nazkatuta gaude inoiz iristen ez den etorkizun horrekin. Nazkatuta ere, Dbiziko bizikleten zerbitzua gisako ekimenetatik sistematikoki kanpo geratzeaz; nazkatuta, maiztasun urriko autobus linea bakarra izateaz; nazkatuta, oinarrizko zerbitzurik ez izateaz; nazkatuta, Errekalde, Añorga eta Atotxa Erreka inguruan artatuko duen osasun zentrorik, kultur etxerik, kiroldegirik eta oinarrizko beste azpiegiturarik ez izateaz. Eta, batez ere, nazkatuta gaude gure kokapen periferikoa edozein gabezia justifikatzeko aitzakia dela ikusteaz”.

Bizilagunek nabarmendu dutenez, Errekalde ez da bizitzarik gabeko auzune bat, “ezta ere bertan soilik lo egiten dutenena”. Langile klasiko pertsona asko bizi direla gaineratu dute, “haurrak dituzten familiak eta adineko pertsonak ere”. Donostiako gainerako herritarren behar berberak dituztela nabarmendu dute, eta zerbitzu berdinak merezi dituztela: “Errekalde ere Donostia da, erakundeei etengabe ahazten zaiela dirudien arren”.

HITZAkide HITZAkide