Musika

Mugan taldeak binilo formatura egin du salto 'Bizitza ozen denean' diskoarekin

Mugan taldearen 'Bizitza ozen denean' biniloa.Mugan

Mugan talde donostiarrak formatu fisikora egin du salto, eta bere ibilbidean lehen aldiz, binilo bat kaleratu du. Hain zuzen ere, Bizitza ozen denean hirugarren lan luzeko hamar kantuak bildu dituzte bertan. Biniloarekin batera, gainera, kamiseta berriak ere atera dituzte.

Taldeak berak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, material berri guztia dagoeneko eskuragarri dago beraien webguneko dendan, baita datozen kontzertuetan ere. Horrez gain, biniloa Donostiako Egia Records dendan ere jarri dute salgai.

Argitalpen honek ginga jartzen dio urtebeteko lanaren ostean udaberrian osatutako proiektuari. Izan ere, taldeak bi zatitan kaleratu zuen Bizitza ozen denean, bi atalen arteko estilo desberdintasunak tarteko: lehen bost abestiak —lasaiagoak— martxoaren hasieran argitaratu zituzten, eta bigarren zatiko bostak —«beste erritmo bat» dutenak—, berriz, maiatzean.

Inoiz egin gabeko bideak arakatu eta «bestelako Mugan bat» erakutsi dute donostiarrek lan honetan. Orain arte plataforma digitaletan eta kantu guztiei laguntzen dieten bideoen bidez entzun eta ikus zitezkeen abestiak biniloan gozatzeko aukera izango dute orain jarraitzaileek.

HITZAkide HITZAkide