Parte Zaharreko auzo elkarteak Antonio tabernako auzia salatu du: «Lau argi kaxa baino zerbait gehiago!»

Antonio tabernak instalatuta dituen lau argi kutxakParte Zaharrean Bizi

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Donostiako Udalaren jarduna kritikatu du Bar Antoniok Bulebarreko arkupeetan baimenik gabe jarritako lau koadro elektrikoen auzian. El Diario Vasco egunkariak azaroaren 23an argitaratutako informazioaren arabera, udalaren eta tabernaren arteko auzia epaitegietara iritsi da. Elkarteak gogorarazi du berak salatu zituela instalazioak 2022ko maiatzaren 6an, eta antzeko arrazoiengatik Bulebarreko eta Plaza Berriko beste zortzi ostalaritza establezimendu ere salatu zituela.

Auzo elkartearen arabera, udalak 600 euroko hirugarren isuna jarri zion Antonioko tabernako jabeari 2023ko irailaren 19an, koadro elektrikoak ez kentzeagatik. Hala ere, urte hartako urrian, udalak jakinarazi zuen espedientea bertan behera utzi eta dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali ziola. Elkarteak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta, bere esanetan, bai aldundiak bai Arartekoak adierazi zuten espedientearen ardura udalari zegokiola. Horrez gain, 2024ko urrian egindako txosten juridiko batek Udalak jarduteko betebeharra zuela jasotzen zuela nabarmendu du.

Parte Zaharrean Bizi elkarteak azaldu duenez, udalak 2025eko martxoan ekin zion berriro espedienteari, eta ondoren establezimenduari isun berriak jakinarazten hasi zitzaion. Elkartearen arabera, 2025eko abenduan tabernaren titularrak administrazioarekiko auzien epaitegira jo zuen, eta epaitegiak haren alde egin berri du, udalak espedientea bi urte lehenago artxibatu zuela argudiatuta.

Elkarteak uste du ebazpen horrek espedientea hutsetik berriro hasi beharra ekar dezakeela, eta udalari azalpenak eta erantzukizunak eskatu dizkio: “Zergatik ez die Udalak araudia betearazten ostalaritza-establezimendu horiei? Zergatik galtzen du denbora prozedura guztiak etenda eta espedientea Aldundiari pasata, bere eskumena dela jakinda? Denbora irabazi nahi du? Norentzat?”. Bien bitartean, auzo elkartearen esanetan, instalazioek hirigintza araudia urratzen jarraitzen dute.

HITZAkide HITZAkide