Loiolako Erriberako 2.500 metro koadroko eremu bat ekipamenduetarako bideratuko dute
Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalaren eskuetan utziko du eremua. Jon Insausti alkateak iragarri du "entzuteko eta eztabaidatzeko prozesu bati" ekingo diola udalak, "udal ekipamendu berriak erabakitzeko".
Loiolako Erriberako artxiboko irudia.Joseba Parron San Sebastian Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Alokabidek sustatuta, “entzute prozesu” bat garatu du Loiolako Erriberan, “eskariak jasotzeko auzoan sustatzen dituen zuzkidura apartamentu berrien aurrean”. Hain zuzen ere, 83 zuzkidura apartamentu garatzen ari dira Beroiz kaleaen —sustapen hori lizitatuta dago— eta beste 200 garatuko dituzte auzoaren hegoaldeko partzelan, Iesu elizaren ondoan.
Horrela, entzute prozesu horren emaitzen berri eman zuen Etxebizitza Sailak asteazkenean, baita iragarri ere hegoaldeko eremuko 2.500 metro koadro Donostiako Udalaren esku utziko dituztela, bertan auzoarentzako ekipamendu publikoak garatzeko: “Alokabidek bultzatutako azterlanak 425 inkesta eta bost elkarrizketa biltzen ditu, eta iritzi desberdinak jasotzen ditu zuzkidura apartamentuen sustapenaren aurrean, inkestatutako pertsona babes ofizialeko etxebizitza batean edo etxebizitza libre batean bizi den kontuan hartuta. Osasuna da lehentasunezko zerbitzuei buruzkoak dira erantzunen %48ak, eta diagnostikoak jasotzen duen beste alderdietako bat da herritarren segurtasunarekiko kezka eta etxerik gabeko pertsonen kokalekuak ibaiaren ondoan”, azaldu du Jaurlaritzak.
Halaber, Etxebizitza Sailak azaldu du “inkestatutako pertsonen %63k” uste dutela “auzoko zerbitzuak ez direla nahikoak edo ez daudela”. “Osasunarekin batera, espazio kultural eta balioaniztunak, kirol instalazioak eta adinekoentzako, haurrentzako eta gazteentzako baliabideak eskatzen dira. Helburua da sustapenak eguneroko behar horiei erantzuten laguntzea. Gazte eta adinekoentzako baliabideek erantzunen %8 biltzen dute kasu bakoitzean; kulturak eta kirolak, %6 bakoitzak; eta haurrek, %4. Ekipamenduen analisiak inguruko auzoekiko mendekotasuna berresten du: Loiolako osasun zentroa eta Loiola Kultur Etxea kilometro batera daude”, gaineratu du Jaurlaritzak.
Udalaren entzute prozesua
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak eta Jon Insausti Donostiako alkateak erabakiaren inguruko bilera egin zuten asteazken goizean, eta, horren ondoren, alkateak iragarri du udalak “entzuteko eta eztabaidatzeko prozesu bati” ekingo diola, Loiolako Erriberako 2.500 metro koadroko eremu horretan egongo diren “udal ekipamendu berriak erabakitzeko”. Halaber, Jaurlaritzak eremu hori udalari uztearekin pozik agertu da alkatea: “Udalean azelerazio bat dago etxebizitza alorrean, eta hau beste adibide bat da. Auzo biziak eta kohesionatuak nahi ditugu. Aliantzan lan egiten denean, erabakiak hobeak dira eta azkarrago hartzen dira”.
Halaber, alkateak azaldu duenez, osasun arretaz gain, zainketekin lotutako beste behar batzuk aztertzen ari da udala: “Eguneko zentro bat izateko aukera, irakurtzeko eta ikasteko guneak, kultura, kirol eta balio anitzeko ekipamenduak, eta haurrei, gazteei eta adinekoei zuzendutako zerbitzuak”. “Eskaera asko daude, eta lehentasuna emateko eta modu koordinatuan lan egiteko unea da, udaleko sail guztiak inplikatuz. Loiolako Erriberako zerbitzu publikoak hobetzeko aukera paregabea dugu. Eta orain guri dagokigu, udal gisa, prozesu horren buru izatea. Donostiarrok erabakiko dugu zein ekipamendu eta zerbitzu publiko nahi ditugun auzoarentzat”, gaineratu du Insaustik.


